Gaur egun EH Bilduko ordezkaria da Gasteizko Legebiltzarrean Oihana Etxebarrieta. Hor ere tokatzen zaio mikrofono aurrean aritzea, Info7 irratian ere hala aritu zen. Albistegietan lehenik, bestelako lanetan ere aritua da. Besteak beste, Donostiako Zinemaldiaren jarraipena egin zuen Lur Olaizolarekin batera. 2012. urtean izan zen.
Michael Hanekeren "Amour" filmarekin hitzik gabe geratu zen Etxebarrieta, eta momentu hura gogoratu du #perla moduan. Kronikan bi filmeren kritika egiten ditu, Richard Gere eta Susan Sarandonen "Arbitrage" filmarena lehenik eta Hanekeren "Amour"ena ondoren. Lan hura gogoratuz zera esan du parlamentariak: "opari bat izan zen niretzako Zinemaldiaren jarraipena egitea, askotan gogoratzen dut Zinemaldia hura".
Beste lanetan ere aritua da Etxebarrieta: lurraldeka ospatzen diren ikastolen aldeko festetan saio berezia egiten genuen irratian eta Tolosako Kilometroak (2013) festan egindako elkarrizketa bat aukeratu du #perla moduan. Glaukoma taldeko Juantxo Arakamari egin zion elkarrizketa, (Glaukoma taldearen jarraitzaile sutsua zen garaian Oihana, horixe aitortu digu gaurko tertulian) Glaukoma taldeak jarri zion doinua urte hartako Kilometroak festari. Hemen elkarrizketa.
Gaur egun, parlamentari lanetan dabil Oihana Etxebarrieta EH Bilduren ordezkari, ibilbide luzea badu beraz. Baina gurean esan du «Info7 niretzako izan da maila profesioanelan eta pertsona moduan asko erakutsi didan espazio bat. Zuek eman zenidaten lehen aukera albisteak egiteko, ausartzeko».
Oihana Dagerre aspaldiko laguna ere gonbidatu dugu tertulia berezi honetara. Info7 Irratiko hastapenetan izan zen bera Eider Olazar, Ainhoa Permach eta Antton Basurkorekin batera, 2006 urteaz ari gara. Garai horretan albistegi zerbitzua eskaintzen zen frantsesez, eta Dagerreren ardura izaten zen hura. Gaur egun, Euskal Irratietan jarraitzen du, "Esker Mila proiektuan" sartuta dago orain buru-belarri. Hala esan du gurean hasierako urteak gogoratuz: «Nik neukan esperientza gutxien irratian, eta elkartasun handia sentitu nuen, aunitz erakutsi zenidaten».
Albistegietan ere eman zituzten lehen urratsak Info7 Irratian Amaia Enetarriaga Lesakarrak eta Miren Azkarate Donostiarrak. Azkaratek bere lehendabiziko albistegia gogoratu du «Nire alde esango dut» azaldu du Azkaratek, nola Maite Bidarte lankideak, lehendabiziko egunean «lehen bost minutuetan», gainera, jarri zuen albistea irakurtzen mikrofonoaren aurrean. Baina aspalditik ezagutzen zuen Azkaratek Info7 irratia. Martuteneko kartzelan eman zituen 2 urte preso eta patioan aditzen zuen irratia «asko eskertzen nituen albistegiak besteek esaten ez zutena esaten zenuten» esan du.
Eta albistegietatik urratsa egin zuen saio bat egiera "Galtzetan Gordetzeko" irratsaioa, hain zuzen. Asteartero egiten zena, iluntzeko 22:00tan. Joseba Sarrionandiaren "Galtzetan Gordetzako Koplak" poematik hartu zuten saioaren izena. Batix Ezeiza eta Miren bera aritzen ziren gidari gisa, baina atzetik kolaboratzaile talde bat zegoen edukiak prestatzen. «Saio hori sortu zen hutsune batetik» gogoratu du Azkaratek «euskal preso eta iheslarien gaia lantzeko helburua zuen saioak» gehitu du. Aitortu du berezia izan zela saioa bildu zen taldean preso ohiak zeudelako, eta berezia ere normalean itzalpean zeuden gaiak lantzen zirelako. «Asko eman zidan saioak» esan du, «preso ohia naiz, iheslari alaba, eta gainera lehen aldia zen saio bat gidatzeko erronka hartzen nuena». Argentinako "A casa/Etxera" kolektiboko bi kideri egindako elkarrizketa hautatu du perla moduan. Hemen entzun dezakezue elkarrizketa, eta hemen, saio osoa.
Arrosa sareko "Zebrabidea" saioan ere tertuliakide izan da tertuliakide Azkarate. Sonia Gonzalezekin batera hilerokoaren inguruko tertulia hau gogoratu du. Argia aldizkarian Ainhoa Mariezkurrenak idatzitako testuari tiraka aritu ziren. Perla bezala aukeratu du hilerokoaz «ez delako inoiz hitz egiten publikoki».
Amaia Enetarreaga ere aritu da gurean, Xorroxin irratian eskarmentua hartuta, Info irratitik ere pasatu zen eta gaur egun Euskadi Irratian ari da lanean. Gaurko solasaldian gogoratu dugu nola ahotsik gabe bukatu zuen albistegia behin, eta hara, gaur aitortu digu zergatia: Berako festetara gonbidatu zutela lagunek Info7 Irratian hasia zela ospatzeko eta «han utzi nuen ahotsa» gogoratu du irriz Eneterreagak. Berari ere noski esan diogu perla bat aukerateko. "Lasa eta Zabala" filmeko estreinaldia zela eta, elkarrizketa berezia egin zuen, Jon Ansa eta Kristian Merchan aktoreei, beraiek jarri ziren Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazteen larruan.
Plazer bat izan da laukote hau berriro estudioan elkartzea eta egindako bidea gogora ekartzea. Datorren abenduaren 15ean ikusiko dugu elkar!