Badoa Info7, badator irrati berri bat

Orain hamahiru urte, Aztibegia elkarteak Info7 irratia martxan jarri zuenean, helburu nagusi bat jarri zion bere buruari: FMz emititzeko legaltasun osoa izango zuen Euskal Herri mailako irrati proiektu bat sortzea. Urtetako lanaren ondorioz, legaltasun osoz jarduteko baldintzak lortu dira Hego Euskal Herrian, honenbestez, Aztibegia elkarteak erabaki du, Info7 irratiaren etapa itxi, jauzi bat eman, eta irrati proiektu berri bat sortzeko lanean murgiltzea.

Audio_placeholder

Badoa Info7, badator irrati berri bat

Loading player...

Urte honen amaierarekin batera ixilduko da Info7 irratia eta urte berriarekin bat abiatuko du bidea irrati proiektu berriak. Honek, beste eragile batzuekin batera, Hego Euskal Herrian legaltasun osoz emititzeko baimenak lortu ditu; zehazki, EAEko zabaltasun osoan emititzeko lizentziak, eta Nafarroako zati batean emititzeko baimena. Ondorioz, emisio lizentzia gehien dituen irrati ez-publikoa jaioko da laster.

Lorpen handia da honakoa, izan ere, komunikazio talde handiak dira FMko dialean jaun eta jabe, bezerokeria da nagusi, eta ez da batere erraza bertan lekua egitea. Tokian tokiko administrazioei urtetan egindako eskaria da lizentziak lortzeko lehiaketa zabaltzea, eta azkenean, urtetako lanak bere fruituak eman ditu, gora behera ugariren ondoren. Hori horrela, Info7 Irratiaren ibilbideari amaiera eman, eta bertan pilatutako esperientzia proiektu berrietara bideratuko du Aztibegia elkarteak. Urte berriarekin batera, euskarazko irrati proiektu berri bat sortzeko lanean murgilduko da buru belarri, orain artekoa baino anbizio handiago izango duena. Era berean, Aztibegia elkarteak bere sorrerako helburuak berretsiz, legalitatean oinarritutako proiektu nazional oso bat izateko bidean urratsak ematen jarraituko du (Ipar Euskal Herrian lizentziak lortzea da beste erronka), eta orain artean bezala, irrati komunitarioen esparruan ekarpena egiten jarraituko du.

Jauzi hau, hamahiru urte hauetako esperientziari esker ematera doa elkartea. Bide horretan, ezinbestekoa izan da ehunka herritarren ekarpena; kolaboratzaile, tokian tokiko laguntzaile, eta bereziki gaur egungo 2.000 bazkideena. Eskerrak ematearekin batera zoriondu ere egin nahi ditu guztiak Aztibegia elkarteak. Aurrera begira ere, ezinbestekoa izango da guzti hauen babesa eta ekarpena.

Ilusioz beteriko garai berri honi hasiera eman, eta erabaki garrantzitsu hauen inguruko informazio ahalik eta osatuena helarazteko, herrialdekako informazio bilerak egingo ditu Aztibegia elkarteak datozen egunetan: urriaren 17an Iruñean 19:00etan Condestable jauregian, urriaren 18an 19:00etan baita ere Donostian, Egia kultur etxean. Eta urriaren 24an, Gasteizen 19:00etan Aldabe gizarte etxean, eta Bilbon ordu berean La Bolsa eraikinean.

 

Azken emisioa

Info7 Irratiaren etapa abenduaren 15ean itxiko da, bertan etengo baita honen emisioa. Urruñako estudio nagusietatik egingo den azken saioarekin isilduko da Info7, eta bertara gonbidatu nahi ditugu irratiko partaide izan diren guztiak; langile, kolaboratzaile, bazkide, laguntzaile zein entzuleak. Guztien artean, eta festa giroan, itxiko dugu garai hau, berriari bide emateko.