Urtzi Errazkin

Biktima potentzialak izateari utzi nahi diogu

Urte erdia igaro den honetan, Gobernu berria osatu dute Espainian. Dispertsioak 30 urtez eragindako esperientzia ankerrek ez dute gure itxaropena hauspotzen, baina indarrean mantentzen den espetxe politika aldatzeko gehiengo politiko, sozial, sindikal eta instituzionalak duen borondatetik haratago, pauso berriak izango direlakoan gaude. Aldez aurretiko jarrera hobea antzematen dugu espainiar Gobernuaren partetik eta argi dugu gizarte zibilak egindako lana eta erakutsitako ardurari esker zabaldu dela orain arte PPko Gobernuak itxita mantendu duen bidea. Zoritxarrez, badira oraindik ere salbuespeneko politikak eta urrunketaren aldeko ahotsak.

Audio_placeholder

Biktima potentzialak izateari utzi nahi diogu

Loading player...
etxerat talaiatik
etxerat talaiatik

Dispertsioaren zutabe garrantzitsuenetakoa da urrunketa, euskal preso politikoen senide eta gertukoengan modu zuzenean eragiten duena, 16 hildako eragin dituena eta gu guztiok biktima potentzialak izatera kondenatu gaituena. Gure senide presoak bisitatzera joaten garen bakoitzean, biktima potentzialak gara. Urrunketaren aldeko hautua egitean, ehunka euskal herritarron sufrimendua eta minaren aldeko apustu argia egiten dute, haien bizitza astebururo arriskuan jartzen dutelako eta milaka kilometro egiteko ezinbestekoa den gastu ekonomikoa eta osasun kaltea handitzen delako. Hau da urrunketaren egia.

Gaixotasun larriak pairatzen dituztenen egoeraren kudeaketa are krudelagoa da, haien gaixotasunean eta haien mina areagotzeko borondateak ongi erakusten du egungo espetxe politikaren helburua egunez egun sufrimendua areagotzea dela. Graduen progresioari dagokionez, euskal preso politikoen askatasuna oztopatu nahi dute, gaur egun indarrean dagoen blokeoa, salbuespeneko tresna den heinean, presoek haien zigorra guztiz betetzeko mantentzen dutelarik.  Sufrimendua areagotzeko ere, 60 urte dituzten presoak espetxean jarraitzen dute eta bestetik, zigor pilaketari dagokionez, espainiar Gobernuak ez dio kasurik egiten Europako lege-markoari.

Ezinbestekoa izateaz gain, larrialdi egoera eutsiezin honi buelta eman behar zaio lehenbailehen. Benetako konponbidea lortzearen bidean, gehiengo zabal baten helburua izanik, EAE eta Nafarroako gehiengo instituzionala, politiko, sozial eta sindikalaren eskutik, gatazkak eragindako ondorio guztiak atzean utzirik sufrimendurik gabeko eta bakean eraikitako gizartea artikulatzeko garaia da. Biktima gehiagorik gabe, preso, iheslari eta deportaturik gabeko gizartea ezinbestekoa dugu. Bide luzeko helburua da dudarik gabe, zailtasun ugari izango ditugu bide horretan, baina oztopoen gainetik ahalegin guztia egitea merezi du.

Bake iraunkor horretarako zutabeak eraikitzeko egunero berriztatzen du bere konpromisoa Etxerat Elkarteak. Euskal gizarteak eskatzen duen, behar duen eta merezi duen bakea hain justu.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU !!!