Ainhoa

EHxit!

Asko izan dira Askapenatik egindako aldarriak urteetan zehar. Euskal Herria sozialista helburu, hainbat herri borrokalarirengandik jaso ditugu mila irakaspen, eta elkar elikatuz hazi gara. Nikaraguako borroka sandinisten garaiak, Zapatismoa, iraultza bolivartarra, Kuba… Ondo baitakigu, Kuba gabe, ezer ez zela berdina izango. Eta ondo ikasia baitugu, elkarren erreferentzia eta babes gabe, ezinezkoa dela garaipen integrala

Audio_placeholder

EHxit!

Loading player...
ASKAPENA TALAIATIK
ASKAPENA TALAIATIK

Baina Latinoamerikarekin obsesionatu gabe, Ekialde Hurbilean ere jarri izan dugu arreta. Badelako nondik ikasi. Palestinarrei, kurduei, eta inperioaren aurka ari diren beste hainbeste herriri babesa erakutsi diegu, Ekialde Hurbila ezegonkortu eta kontrolatu nahi duten horien aurka. Dena den, bada garaia lupa geurera ekartzeko, aurrez aipatutako ezegonkortze eta lapurreta horien erantzuleak uste baino gertuago baititugu.

Kezkatu egiten gaitu egoerak. Venezuelan, Yemenen, Sirian, Parisen edota Euskal Herrian, berdin kezkatzen gaitu egoerak. Gatazka bakoitza oinarri beretik abiatzen delako, talkak sekta ekonomiko berberek jartzen dituztelako martxan. Jar dezagun hotz, burua, eta ahaztu dezagun Europa berde, zuzen eta baketsuaren diskurtsoa. Mundu ordenatuaren diskurtsoa. Ez dugu inolako konplexurik izan behar zapalduok altxatzera goazela esateko, eta bakean bizi ez garela adierazteko. Ez delako bake garai bat. Munduko herri klaseon egoera, euskal herritarrona, pobretzen ari da, bizi baldintzak okerrera doaz; eta sekta ekonomikoa konponbiderako errezeta berbera errepikatzen ari da: krisiari aurre egiteko, hazteko alegia, herritarrak desjabetu, eskubide oro kendu, esplotazioa areagotu eta boteretsuenak erreskatatzen jarraitu. Salbatuko dituztenak haiek izango direlako, eta ez etxeko langile nikaraguarrak, bonbardatutako siriarrak, bizitza pribatizatu dieten greziarrak, banku garbitzaile barakaldarra, ikasle prekarioak eta etxetik bota duten familia. Mundua suntsitzen digute. Kontrolerako eta errepresio legal nahiz polizialerako mekanismoak gogortzen doaz. Botere ekonomikoak gain hartuta gauzka, munduko herriak.

Horregatik da hain presazkoa begirada gerturatzea Europara, bizi eredu anker honen sustatzaileen nukleora, eta Europan beste bizi eredu baten alde borroka egiteko indarrak artikulatzea. Presazkoa baita lurrak, baliabideak, berriro geureganatzea eta kolektibizatzea, geuk erabaki dezagun zertarako eta nola erabili. Geuk diseina dezagun bizitza kolektibo eta parekidea.

Hamarnaka izan dira, azken urtean, Askapenatik egindako ekimenak kapitalaren Europaren aurka: gaia mahai gainean jartzeko hitzaldiak, NATOri eta Europar Batasunari buruz idatzitako txostenak, eraso inperialisten aurkako protestak, herri klaseei babesa erakusteko elkarlana, Europatik etorritako hainbat kiderekin antolatutako hitzaldi bira… Eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dugu, marko horren baitan bizirauteko aukerarik ez dela ikusarazteko lanean, Euskal Herriak Europar Batasunetik ateratzeko eta hausteko duen beharra azpimarratzen. Euskal Herriak, euskal herritarrok, ez baitugu gure klase eta nazio interesak defendatzeko ezer erabakitzerik izango parametro burgesen baitan. Ez baita burujabetza posiblerik egitura kapitalista suntsitzaile honen baitan. Munduan egiten diren eraso inperialisten eta geure herrien eta herritarron gaineko ofentsiba ekonomikoaren aurrean, hortzak zorrotz erakusten jarraituko dugu. Herrialde Katalanetako kideak, Altsasuko hitzaldietan argi adierazi bezala, langile klasea inoiz baino ahulago eta desantolatuago dagoen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa baita alternatiba eraikitzea, beste integrazio modu bat pentsatzea.