Josu Txapartegi

Andaluzia

Bizitzak jartzen dizkigun kontraesanak dira. Adinean aurrera eta manifestazioak lehenbailehen amaitzea nahi izaten dugu. Baina bestetik badakigu manifestazioa luze eta mantzo joatearen arrazoia jende multzo ikaragarria ikusten dugulako dela. Eta hori positiboa, pozgarria iruditzen zaigu. Zer egin horrelakoetan? Haserretu hala poztu? Poztu, noski! Eta han joan nintzan Iruñan barrena amaitezin egin zitzaidan kale zabal eta luze hartan: zortzi pausotxo eman eta gelditu.

Audio_placeholder

Andaluzia

Loading player...
Josu Txapartegi Talaiatik
Josu Txapartegi Talaiatik

Berriro hamar urrats txiki aurrera eta berriro geldi.  Piskat aurreratu eta deskantso. Ttak ttak ttak ttak eta berriro planto. Pozik, hala ere.

Halako batean ohartu naiz nire ondoan andaluziako bandera zeraman gazte bat zetorrela, Pedro izenekoa bera, Kordobatik propio manifestaziora etorria.

Kontatuko dizuet berarekin izan nuen elkarrizketa adeitsua.

⁃    Zer berri Andaluzian?

⁃    Aurrera goaz apurka apurka. Euskaldunen eta katalanen bidetik hasi gara. Beno hasi ez, aspalditik ari gara gure asmoak aurreratzen. Kastillak dena kendu digu: gure hizkuntza propioa, gure kultura, ohiturak, gure bizitzeko eta mundua ikusteko era, gizartea antolatzeko era, gure folklore aberats horrekin ere Kastilla jabetu da  andaluz folklorea bera Kastillarena balitz bezala...

⁃    Baina... nik esan nion:  zuen hizkuntza gaztelera da, ezta?

⁃    Bai zera! Guk gure hizkera modu propioa izan dugu mendeetan, gazteleratik nahiko berezitua, gure entonazio propioa, esamolde oso desberdinak, milaka hitz ezezagun bezain zoragarriak... dena ezabatu digu Kastillak mendeetan zehar.

⁃    Eta zer egiteko asmoa duzue?

⁃    Esperantza berrogei urtetik goragoko jendearengan daukagu. Gazteagoak oso  espainolizatuak daude. Orain ari gara eskoletan erreibindikatzen gure folklore propioa,  gure musika, dantza, bizitza ikusteko gure ikuspegi propioa. Hortik hasi gara. Gure kulturak, kultura arabearekin zerikusi handia dauka. Eta errekuperazio propio horretan denbora luze joango dela pentsatzen dugu. Baina hori da gure bide orria. Gure andaluz ikuspegi herrikoia errekuperatu nahi digu.

⁃    Beno Pedro, esan nion bukaeran, luze joango dela ematen du baina, animo!

Gutxi gora-behera hitz horiek gurutzatu genituen Pedro Kordobako andaluzak eta biok manifestazioan barrena. Zortzi pausotxo aurrera eta bederatzigarrenean berriro kieto!.

Hala ere pentsamendu bat bueltaka hasi zitzaidan segidan, hau dek panorama Espainiakoa! Katalanak planto!, euskaldunak tanto!, gailegoak atento! Eta orain andaluzak hasten badira: gu ere jokoan hasteko pronto! Zer geldituko da Espainia inperio handi hartatik?

Azken batean, garbi samar gelditzen ari da gauza bat. Herri guztiek bere bizimodua bere gauzak ongi zainduz antolatu nahi dute. Askatasunean eta bakoitzak bere bide propioa eginaz. Tutelarik gabe, inposiziorik gabe, inoren aurrean burua makurtu gabe. Hitz batez: soberanian bizi nahi dugula guztiok. Demokrazian, beste hitz batekin esateko.

Ongi izan.