Mikel Begoña

Guardasolpetik Gomendioak

Guardasolak oraindik zabalik daude baina, badator uda, eta udagaz batera badator opor garaia ere. Hondartza edo etxean lasai,  komikiak irakurtzeko garaia ezin aproposagoa dugu uda. Zer irakurri bada. Euskal komikigintzaren erakusleihoan agertu dira dagoeneko hainbat nobedade  interesgarri, eta honek erakusten du azken urteetako martxa ez dela izan kasualitatearen ondorioa, ez, euskarazko komikigintza egonkortu eta sendotuz doa urterik urte.

Audio_placeholder

Guardasolpetik Gomendioak

Loading player...
Talaiatik Mikel Begoña
Talaiatik Mikel Begoña

Eta sendotasun honen demostrazio nabarmena, nire ustez, hauxe era bada, argitaletxeek ez dutela Durangoko azokaren begi-bistara baino argitaratzen,  eta urte hasieratik baditugulako gozatzeko hainbat komiki berri, eder eta borobil.

Beraz ongi etorri komiki berriei. Aurten gainera, betiko helduentzako gomendioez aparte ume eta lehen nerabeentzat badira eskura komiki pare bat: Begiko argitaletxeak kaleratu duen “Maitasuna zailegia da”, edo Harrieten “Isaline: sukaldaritzako sorginkeria”  adibidez.  Komiki biak maitasuna eta lehen amodioen gaia jorratzen dute, eta ziur asko etxeko gazteenen gustukoa izango direla biak.

Tradizio franko-belgikarra estilo betean beste album bat itzuli du Harrietek gainera. Bai gazte bai heldu, edozeinentzat egokia izan daitekeen irakurraldia da  “Inoiz ez”. Madeleine da komiki honetako protagonista. Itsasertzeko labar gainean bizi da bere katuarekin Madeleine, itsua den alargun zaharrak ez daki arriskuan bizi dela. Itsasoak eta haizeak jana labarra behera doa eta labar gainean dagoen etxea, apurka-apurka  ere bai. Etxea hustu beharra dago.  Hori da behintzat herriko alkatearen asmoa baina Madelein  itsua izateaz aparte, burugogorra ere bada… komikiaren mamia hauxe da, Madeleine eta alkatearen arteko pultsua … nork irabaziko ote du?

Nobela grafiko mardulak ere ez dira falta eskaparatean. Zapico asturiarra euskal gatazkaren gaian barneratu da. Fermin Muguruza eta PSOEko politikari baten arteko elkarrizketa baten aitzakira sortu da Zubigileak liburua. Astiberrik argitaratu du 200 orri inguru dituen komikia eta  ikuspegi artistikotik behintzat emaitza ziurtatuta dago.

Bestalde, eta momentuz amaitzeko esan behar dugu Belatz nafar egileak aurten berebiziko lana argitaratu duela: Gerezi garaia.  Txalapartaren eskutik dator Luzio Urtubiaren biografia.

Nafarroako Erriberako Cascante herrian sortu zen Urtubia libertarioa, eta ideologoa izateagatik baino, batez ere sistemaren kontrako ekintzailea izateagatik da ezaguna Luzio. Guztiaren gainetik sistemaren kontra borrokatu duen ekintzailea.  Eta Komiki bikain honegaz bukatzen dugu lagunok Talaiatik saioa, eta… badakizue euria edo aterri, kostaldean zein Nafarroako erriberan,  komikiak irakurri eta gozatuz, ederto pasa uda!