ASIER ERRASTI

Laster diru transferentziak egiteko aukera emango du Whatsappek

Whatsapp aplikazioko berrikuntzak, itsasoan marmokak dauden jakiteko aplikazioa, Espainiko futbol ligako federazioaren 'espioitza' edo ta .eus domeinuaren bostgarren urtean. Aste honetan, teknologia munduan asko dago kontatzeko. Hartu 20 minutu eta denen berri izango duzu.

Audio_placeholder

Laster diru transferentziak egiteko aukera emango du Whatsappek

Loading player...
Asier Errasti
Asier Errasti

 

5 urte bete ditu . eus domeinuak. 2013ko ekainaren 14ean onartu zuen ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) erakundeak .eus, “euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinua”.  8.400 webgune daude erregistraturik luzapen horretan eta 2020an zenbaki hori borobiltzeko 10.000 webgune izatea lortu nahi du.

.eus erakundeak. Helburu hori lortze aldera, “10.000ra goaz, bazatoz?” kanpaina ipini dute abian. Gutxi gorabehera 30 eurotan lortu dezake edonork .eus domeinua. Beraz, zuk oraindik beste luzapen bat erabiltzen baduzu, badakizu, sar zaitez domeinuak.eus webgunean eta izan zaitez zu ere euskal komunitate honen parte!

“La liga” aplikazioa espioi-lanetan

Sekulako iskanbila sortu da azken asteetan Espainiako futbol ligako federazioaren aplikazioak erabiltzaileekin egiten duena jakin ostean. Izan ere, federazioak berak onartu du aplikazioa mugikorrean zutenen gps-a eta mikrofonoa aktibatu egiten zutela, horren bitartez lizentziarik gabeko futbol emisioak detektatzeko. Hau da, gure posizionamendua zein den jakiten dute ligako partidaren bat jokatzen ari den bakoitzean. Gainera, horrekin batera gure inguruko soinua entzun eta kode bitar baten bitartez emisio piratak detektatzen dituzte.

GDPR, datuen babeserako europar lege berria onartu zenean egin zen publiko albistea, erabat legez-kanpokoa izan daitekelakoan. Epaileen esku dago guztia orain.

Argi esan du Espainiar futbol federazioak, euren intentzio bakarra futbol lizentzien inguruan legea betearaztea zela, ez dela sekula ahalmen hori inoren gaineko informazio pribatua lortzeko erabili.

Whatsapp-en 4 berritasunak


Whatsapp mezularitza aplikazioak lau berritasun izango ditu hemendik gutxira. Lehenengoa, aplikaziotik bertatik irten gabe produktuak erosteko aukera da. Hemendik aurrera, gure lagunei gustuko dugun produkturen bat bidali ahalko diogu mezu bidez, haiek Whatsapp-etik bertatik hura eros dezaten.

Laister aplikazioan izango dugun beste berritasun bat whatsapp-en bitartez diru trasferentziak egiteko aukera da. Orain oso erabilia den Bizum aplikazioari tokia kendu nahi dio mezularitza zerbitzuak, beraz, laster gure lagunekin ditugun zorrak whatsapp bidez ordaindu ahal izango ditugu.

Bideo deietan ere aurrera pausuak eman nahi dituzte. Izan ere, taldeko bideo-deiak laster izango ditugu aplikazioan. Momentuz 2 pertsonen arteko deiak  bakarrik dira posible, baina, laster gure kuadrilla edo familia osoarekin bilera birtualak egiteko aukera ere izango dugu.

Azkenik, konpetentzia zuzena den Telegram aplikazioaren funtzio erabiliena lapurtu nahi dio orain Whatsappek: administrariek bakarrik hitz egin dezaketen taldeak. Imaginatu, info7 irratiak whatsapp talde bat izan ahalko du bere entzuleekin batera eta bertan, besteak beste, azken orduko albisteak transmititu ahal izango ditu, baina alde bakarrekoa izango da komunikazioa.  Webgune, twitter edo facebook-eko orrialde baten funtzio bera izango luke honek. Eta praktikoa izatera iritsi daiteke herraminta ondo erabilia bada.

Google Maps eta Waze elkarlanean

5 urte bete dira Google-ek 1.000 milioi euroren truke Waze aplikazioa erosi zuela.




Waze nabigatzaile sozial bat da. Honen bitartez errepideen egoeraren unean uneko berri izateko aukera dugu. Aplikazioak egiten duena da Waze erabiltzen duten pertsonen datuak elkarbanatu. Hau da, nabigatzailea erabiltzen ari diren autoen informazioa jaso eta guri helarazi. Imaginatu lanera joateko 3 bide ezberdin dauzkagula, ba horietako bakoitzean waze erabiltzen ari den pertsonaren bat badago obrak, ataskoak, istripuak etab. non dauden jakingo dugu.

Google-ek orain informazio guzti hori Google mapsen txertatuko du. Beraz, hemendik aurrera errepideen inguruko zuzeneko informazioa jaso ahal izango dugu munduan erabiliena den nabigatzailearen bitartez, Google Maps. Baita, hainbeste urtez erabiltzaile askok Google-i eskatutako herraminta ere; Radarren abisua.

Medusapp

Penintsulan aurten marmoka ugari omen daude, horregatik gaurkoan aplikazio praktiko bat dakarkizuet. 'Medusapp' izena duen aplikazioak, medusak non ikusi diren eta zenbat petsona ziztatu dituzten jakinaraziko digu, animalia hauek ikusi diren guneetan bainatzea ekidin dezakegularik.



Gainera, marmoka mota ezberdinen gida ere izango dugu aplikazioaren barnean, animalia espezie bakoitza nolakoa den eta zein arrisku sor ditzakeen azalduta.

Interesgarriena marmoka baten ziztada jasanez gero, egin beharrekoaren inguruko informazioa da. Askotan horrelakoak gertatzen zaizkigunean ez dakigulako oso ondo zein den ondoren eman beharreko pausuak. Beraz, badakizue Medusapp aplikazioa erabilita ziztada mingarri horien sendatze prozesua zein den ere ikasi ahal izango dugu.
ARGAZKIA MEDUSAPP

Nola garbitu iphone edo ipad bateko memoria?



Iphone edo Ipad-ekin askotan memoria arazoak izaten ditugu. Android-etan ez bezala, hauek sd txartela onartzen ez dutelako. Hauek dira, beraz, IOS sistema erabiltzen dituzten gailuen memoria garbitzeko aholkuak:

Lehenik eta behin ezarpenen barruan, “biltegiratze” atalean sartuko gara, gaztelaniaz “almacenamiento”. Hor egin behar duguna da giga edo mega gehien okupatzen dituzten aplikazioak zeintzuk diren ikusi eta horiek mugikorrean edo tabletean izatea konpentsatzen digun baloratzea da. Izan ere, askotan memoria asko okupatzen dituzten aplikazioak izaten ditugu instalaturik eta ondoren horiek 6 hilabatetik behin bakarrik erabiltzen ditugu. Hau eskuz egin dezakegu, baina, nire gomendioa biltegiratzean ikusiko duzuen “gomendioak” botoia sakatzea da. Behin hor gaudelarik aktibatu `erabiltzen ez ditudan aplikazioak kendu automatikoki' aukera. Horri esker gailuak automatikoki desinstalatuko ditu erabiltzen ez ditugun aplikazioak.

Bestalde, komenigarria da gure argazki eta bideoak hodei birtualean izatea. IOSen gomendatzen dena Icloud erabiltzea da, baina, badaude alternatibak; Google Photos, esaterako. Honi esker giga asko irabaziko ditugu memorian.

Eman beharreko beste pausu bat, mezularitza aplikazioen bitartez (whatsapp, telegram...) deskargaturiko argazki eta bideo guztiak lokalizatu eta hauek hodeira igotzea da. Izan ere, askotan horiek ez ditugu gainontzeko argazkien galeria berean izaten eta mugikorreko biltegian ahazten ditugu.

Azkenik aplikazioen “cache” datuak ezabatu beharko ditugu. Banan banan egin beharreko lana da hau. Aplikazio bakoitzaren ezarpenetan izango dugu hauen “cache” datuak ezabatzeko aukera. Eta gezurra badirudi ere, espazio asko lortuko dugu hau eginez.

Pausu hauek behin burututa, ez dugu normalean biltegia beterik izango eta aplikazio berriak instalatzeko aukera, besteak beste, berriro guregana bueltatuko da.