Amaia Zufia Erdozain
Amaiazufiatalaiatik
Feministon herria da alternatibena

Alternatiben Herriak, gure herriaren komunitate-gaitasuna agerian utzi du, gaitasuna sareak eta alternatibak sortzeko.

Loading player...
2018/06/08 14:51

Txikitatik, hurbiletik, ohikotik hasita, beste bizi eredu batzuk sortzen ari gara, nahiz eta askotan nahi genukeena baino urrundurik egon. Bakoitzarentzako, bere proposamena garrantzitsuena izan ohi da. Baina enpatia erradikal bat lortu behar dugu beste eredu ekonomiko eta sozial baten bila gabiltzanon artean. Pertsona, herri eta lurraren arteko beste harreman batzuk nahi ditugunon artean; elkartasunean eta gure bizitzak zeharkatzen dituzten erabakien demokratizazioan sostengatuko direnak.

Gure adimen kolektiboa aktibatu behar dugu, era artikulatu batean pentsatu eta jardun, ikusmira zabal batekin, herri bezala. Elkarren beharra dugulako egin behar dugu, eraldaketa benetakoa eta iraunkorra izatea nahi badugu bederen. Alternatiben Herrian urrats bat eman dugu bakoitzaren lehentasunak lehentasun kolektiboak izan daitezen, eta lehentasun kolektiboak bakoitzaren lehentasun.

Aspertu arte hamaika aldiz esan digute “There is no alternative”, alternatibarik ez dagoela. Garaiezinak zirela esan ziguten. Baina lubaki bakoitzean aldaketak hedatzen ari gara. Aldaketa burujabetza anitzen eskutik eman beharko da eraginkorra izateko. Eta herri boterea horren gidaria izango da. Alternatiben Herria feminismoaren adreiluekin altxatzen ari gara. Mila koloreetako adreiluez adierazi dugu ez dugula harresi gehiagorik onartzen: heteroarauarekiko disidenteok, gorputz intsumisook, arrazakeriak edo matxismoak zokoratutakook, aniztasun funtzionaldunok... harresiak pintatu ditugu, preso, errefuxiatu eta migranteen eskubideen alde; gure bizitzek balio dutelako. Alternatibak ehuntzen ditugu bizitza duinari eusteko. Diskriminaziorik ez, erasorik ez! Ez da hitz edo asmo onen kontua. Errealitatea, lana, enplegua, instituzioak, ekonomia eta kultura iraultzeko kontua da.

Mugimendu txikienaren interakzioak, beste guztiaren sorburua izan daiteke; txikiaren bateratzeak gauzak handiago egiten ditu. Gutako bakoitzak, denok elkarrekin, erabaki nahi dugula erabakitzea falta da. Horretan datza eraldaketaren sekretua. Burujabetzen errezeta bakarra. Ingurura begiratu dezagun, hemen gaude, hemen bai. Elkarri begiratu eta aitortu dezagun daukagun indar guztia. Bakoitzak urraturiko bideetan elkarri antzeman. Denon artean metatutako jakintzetan. Bestearen ispiluan begiratu, borrokak pena merezi duela egiaztatzeko, ez dela ezer aldatzen ez badugu aldarazten, eta galtzen den borroka bakarra, egiten ez dena dela.

Bizitza eta herri burujabeak eraikitzeko, alternatibak badaude. DESKONEKTA GAITEZEN KAPITALISMOTIK!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK