Iñaki Antiguedad
I_akiantiguedad2
Hiztegia, argibide

Aitortu behar dut sarritan jotzen dudala Hiztegira, hizkuntza bata edo bestea dela, batzuetan politikaren eremuan ohiko bihurtzen diren hitzen esanguraz jabetzeko. Ohiko eta, kasuan kasu, ardatz ere bihurtutako hitz horien esanguraz jabetzeko. Hitzen adieraz.

Loading player...
2018/06/07 09:05

Horra kasuko, “Agenda” hitza! Hizkera politikoan komodin bihurtua, “Euskal Agenda” esamolde horretan. Hona hiztegiak jasotzen dituen adierak: 1) Egun zehatzetan egiteko diren gauzak idazteko koadernoa, ahaztu ez daitezen; normalean, koadernoko orriak urtearen aste eta egunetan daudela ordenatuta. Eta 2) Pertsona edo talde batek denboraldi zehatz batean burutu nahi dituen jardueren programa.

Hortaz, azken egunotan Estatuaren politikan izan direnak izan ondoren, galdera bat daukat bueltaka, beste askoren artean: PNVren “agenda” ditxoso hori zein adierari dagokio? Programa ala koadernoa? Ze, nago ni, HEMEN burutu beharreko era askotako jardueren programa baino gehiago HANgo bilera-hitzorduak apuntatzeko koadernoa dela, hau da, hango Kongresuan hemengo makro-azpiegituretarako zabaldu daitezkeen aukera-leihoak apuntatzekoa. Tristea gero almanaka dirudien euskal agenda horrena! Tristeagoa gero, HEMEN pendiente dugun politika-jardueraren HANgo ardatz hartzea! Jaurlaritzak Agenda 21 serioa osatuko balu sikiera!

Tira, “egonkortu” da modako beste berba bat: “estabilizar” esate aldera. Hiztegira jo dut berriro, “desestabilizar” zer den jakin minean, eta hara: egoera politiko edo ekonomiko baten egonkortasuna arriskuan jarri. Eta beste galdera buruan bueltaka: akaso izan daiteke posible HEMEN autogobernu bide batean aurrera serio egitea, Estatus Berriko hitzaurre horretan idatziaren bidetik, une berean HAN gure autogobernua ukatzen dutenen sistema politikoa etenik gabe egonkortzen? Akaso posible bestelako Ekonomia gauzatzea gaur han-hemen indarrean dena itsu-itsuan egonkortzen? Akaso …?

Agenda bai, Euskal Agenda behar da, HEMEN egin eta betetzekoa. Modu positiboan ezegonkortzen negatiboan egonkortzen baino!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK