Eleak_talaiatik
Emandako hitza

Azken hauteskunde eta injenieritza parlamentarioaren eskutik lortu da Alderdi Popularra hainbat parlamentu eta udaletxetik ateratzea beste politika sozial eta herritar batzuk bultzatzearen nahiarekin.

Loading player...
2018/06/05 09:30

Hiru urte pasa dira 2015eko udan, Mozal Legea Madrilen onartu zenetik PPren gobernuaren eskutik. Momentu horretan, bertako parlamentuan oposizioan zeuden alderdien gehiengoak legeen kontra bozkatu zuten eta gainera, zin egin zuten behin boterea eskuz aldatzerakoan legea indargabetuko zutela. Gurean ere, Gasteizko udaletxean adibidez, PSEren eskutik aurkeztutako mozio baten bitartez, udaletxeak Espainiako gobernuari legea geldiarazteko eskatzen zion eta bestetik, udaletxeari berari, legea pairatzen zuten Gasteiztar orori babesa ematea. Baina orduko alkatea Javier Maroto jauna zen eta udaletxeak hori onartu bazuen ere, ez zen inoiz praktikara eraman.

Denbora pasa da eta Alderdi Popularra orain oposizioan dago eta bere garaian hainbeste lege injustu gelditzeko prest zeudenak aldiz, udal gobernuetan, Gasteizen gertatu den bezala.

   Aldaketa politiko hori udaletxean eman bazen ere, ordutik ez dugu inolako intentziorik ikusi orduan onartu zen proposamen hori abian jartzeko, nahiz eta proposamena aurkeztu zuen alderdiak (PSE), orain udal gobernuan dagoen. Beraz, asmo hoberenarekin iragan hilabeteko osoko bilkurara joan ginen, alkateari eta udal gobernu osoari beraiek emandako hitza bete zezatela eskatzera. Baina, hura gure ezustekoa ikusi genuenean PNV-k, PSE-k eta PP-k kontra bozkatu zutela eta beraz mozioa aurrera ez zela aterako. Bueno, egia esanda, azkeneko alderdiaren jarrera ez zen batere harritzekoa izan, baina bai lehenengo biena, zeintzuk aurreko alkateari behin eta berriz eskatu zioten legea geldiarazteko. Hala ere gehien harritu gintuena emandako aitzakiak ziren, besteak beste: Udaletxea ez zela horretaz eztabaidatzeko lekua, udaletxeak berak lege horren kontra lan egiteko baliabiderik ez zituelako. Eta duela hiru urte bai? Ordutik hona aldatu den gauza bakarra da, hitza eman zutenak orain udaletxean agintzen dutela eta ahalmena daukatela, nahi izanez gero noski, gauzak aldatzeko.

Dena dela eta guztion ustekaberako, aurreko astean, Espainian gobernu aldaketa eman zen eta hemen bezala, bere garaian mozal legeen kontra jarri zirenak eta behin eta berriz (gobernu aldaketa lortzen bazuten) haiek geldiaraziko zituztela esan zutenak boterea lortu dute. Beraz, Madrilen, alderdi horiek emandako hitza betetzea espero dugu; hala ere, horretaz oroituko ez balira, ziur gaude PNV eta PSE han egongo direla hura gogorarazteko (ez?).

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK