Oihane Mikeo

Anti-desira

Ahopeka, xuxurla, hitz-egiten dugu hainbat arazoz, erraietan daramatzagun zamak dira, gure izatea bera. Terapian sexologoei gauza asko eskatzen zaizkigu. Emozio ezberdinak kudeatzeko laguntza, zailtasunei aurre egiteko aholkularitza...

Audio_placeholder

Anti-desira

Loading player...
Talaiatik Oihane Mikeo
Talaiatik Oihane Mikeo

Badira errepikatzen diren demandak, badira teknika estandarizatuak, prozesuok arrakastatsu egiten dituztenak. Amaiera zoriontsuak, pelikuletan bezala, denon ametsa. Kasurik errazenak konplikatu egin daitezke, korapilatsuenak uste baino errazago arindu... Elkarrizketak aurrera egin ahala sortzen den intimitate giroa bera sendagarri zaigu beti.

Bada aspalditik lantzen den afera bat, sexologo ezberdinek era ezberdinetan jorratu dutena, garai klasikoko Grezian Eros izeneko jainkoño bihurri batez azaltzen zutena: desioa. Desioa ez da pilulatan saltzen, ez dauka antidotorik eta gestionatzen jartzen garenean sufrimendua ziurtatuta dago.

Desio erotikoa jendarteentzako mehatxu bat izan da, da eta izango da: begirada lizunak, desio batek bultzatutako jokaerak, fantasia amoralak... arbuiatu egiten ditugu. Zigortu egingo dugu baimenik gabe lortutako argazki bat begiekin desioz mirestea, desioa lotan duten titi batzuk eskuekin desioz ferekatzea, haur baten azala xaboia hartu eta desioz igurztea... eskuok desiorik ez zutela onartzen badugu aldiz gure bizitzek normal darraite. Desioa hilda, kaltea desagertua. Hartu edo inori emango al zenioke desioa ezabatzen duen pilula urdina? Desioak beti tentsioa sortzen du, tentsio atseginak, tentsio desatseginak. Desiorik ez balego dena errazago litzake, ez duzu uste? Nolakoa litzake desio erotikorik gabeko mundu bat? Desioak bi noranzko ditu: desio dut era desio naute... Nola sentituko zinateke inork inoiz zuganako desiorik adieraziko ez balu?

Ezin neurria aukeratu... Desioa ez baita pilulatan saltzen, ez dauka antidotorik eta gestionatzen jartzen garenean sufrimendua ziurtatuta baitago.