Askapena
Apurtu kapitalaren Europa!

Hitz egin dezagun Europaz. Hitz egin dezagun Europar Batasunaz. Ez gara gehiegi mintzo hartaz, eta hark gure bizitzekiko duen eraginaz. Badirudi badakigula Espainia eta Frantzia ondo seinalatzen, euskaldunokiko jazarpena identifikatzen; baina, Estatu horiez harago, bada sistema oso bat arnasten uzten ez diguna, langile gisa, eta emakume gisa.

Loading player...
2018/05/21 12:52

Lehia sustatzen duena, burujabetza ebasten. Eta Estatuak dira sistema itogarri hori aplikatzeaz arduratuko direnak, gutxi batzuen mesedetan, eta beste guztion kaltera; baina seinala ditzagun ondo erailketa eta itomen guzti hauen errudunak.  Izan ere, kexu gara Europar Batasunak errefuxiatuekiko erakutsi duen krudelkeriaz, eta usain txarra hartzen diogu azken urteotako joera eskuindarrari. Baina, tira, gainerakoan ondo. Giza eskubideak, lanpostu duinak, herrialdez herrialde aise bidaiatzeko mugikortasuna, elkar laguntza, trukeak errazteko Euroa, kalitatea, zibilizazio aurreratua, kalitatea, libre kontsumitzeko aukera, libre, aukera… Merke saltzen zaigu diskurtsoa.

Eta, horri guztiari maskara kentzen badiogu, zer? Europa kapitalismo globalizatuaren krisiaren epizentroa da, eta herritarrok gara epizentro horren zulora jaurtitzen gaituztenak, Estatu eta nazioarteko instituzio publikoek boteretsuak erreskatatzen jarraitzen duten bitartean. Eguneko ordu gehienak beste batentzat egiten dugun lanera kondenatzen ditugunean, zertaz eta nola bizi nahi dugun erabaki ezin dugunean, ekonomiaren gorakadaz mintzo direnean eta gure bizi baldintzak gero eta prekarioagoak direnean, eta dirua harremanen muina bihurtzen denean, ezin gara mintzo ez duintasunaz, ez askatasunaz. Eta hori da Europar Batasunak eskaintzen diguna. Europar Batasunak ez du sekula herrialdeen arteko bateratasuna eta kidetasuna izan helburu, are gutxiago herri klaseen bizi duina; alderantziz, Europako kapitalen berrantolaketa izan da Europar Batasuna sortzearen eta irautearen arrazoi bakarra, lehiakortasuna eta etekinak hobetzeko. Ohar gaitezen behingoz, egiten den erreforma bakoitza ez dela gure ongizaterako, dugun eta ereiten dugun apurra ebasteko baizik.

Larria da egoera, eta presazkoa da Europar Batasunarekiko ukoa erakustea, bizi nahi baldin badugu, gerrak eta sakeoak gelditu nahi baditugu. Herritarrok burujabe izango garen Europa  eta Euskal Herri bat eraikitzeko lanari heldu behar diogu, egitura burges elitistak desagerraraziz eta ez berrantolatuz. Ezin dugu hitz egin Euskal Herri sozialista eta feministaz, egitura dominatzaile horren logikaren baitan.

Argi dago, beraz, hori guztia saretzeko ezinbestekoa dela herri langileon arteko aliantzak ondo eta estu jostea, ez baitugu kapitalismoa gailenduko, elkar ez bagara lotzen. Horregatik, Askapenatik datozen aste hauetarako antolatutako hitzaldi birara gonbidatu nahi zaituztegu. Ukrainako Donbass eskualdetik, Italiatik, Alemaniatik, Herrialde Katalanetatik eta Greziatik datozen kide internazionalistek Europaz eta kapitalaren Europaren aurka eman beharreko borrokaz hitz egingo digute, tokian tokiko esperientzietatik. Tokian tokitik, baina begirada errora zorroztuz,  sistemaren nukleoa delako zalantzan jarri behar duguna.
 Apurtu kapitalaren Europa!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK