Martxel Toledo
Talaiatik_martxel_toledo_2
EKINEZ EKIN, DAGOKIGUNA ETA DAKIGUNA EGIN!

Badakit bai agian ez dela etikoa eta politikoki zuzena izango bakoitzak berea goraipatzea baina uste dut aipamen txiki bat egin beharrean nagoela. Eta orain daukat aukera.

Loading player...
2018/05/17 09:30

GIRIZIA kultur eta kirol elkartea 1982n sortu zen eta beraz, 36 urte daramatza, Oiartzun herrian euskal kultura eta kirola sustatzen. Mendi ibilaldiak, pilota txapelketak, zikloturisten irteerak , bertso saioak, kultur jaialdiak, gastronomia ikastaroak, abar eta abar antolatzea izan da urte luze hauetan elkartearen zeregina, alegia, herrigintzan aritzea. Eta oparoa izan bada ere bere ibilbidea, nola ukatu azkeneko urte hauetan izandako zailtasunak eta gora berak, euskal herriko beste ehun bat elkarteekin batera, 18/98 sumario barruan egoteak bi bazkideen urteetako kartzela zigorra jasateaz gain, elkartearen banketxe kontuak blokeatuak edukitzearekin,  eguneroko funtzionamendua arriskuan ere jarri izan duelako. Eta itxieraren ezpata oraindik gure bizkar gainean jarraitzen badu ere, aurrera egitea erabaki dugu eta gaur da eguna, aipatu ekimenak antolatzen jarraitzen dugula, beti garbi izan dugulako, elkartearen sorreran markatutako helburu eta ibilbideari jarraipena eman behar geniola.

Larunbat arratsaldean Madalensoro pilotalekuan,  Euskal Herriko pala txapelketa irekiaren finalak izango dira. Aurtengo hau, GIRIZIA elkarteak jarraian antolatzen duen hogeita hamabost garren edizioa izango da eta azken urte hauetan bezala, Josetxo Gamio elkarteko pilotaria izan zenaren oroimenez antolatu da. Aurten guztira,  180 pilotarik hartu dute parte eta lau mailetan banatua izan da, gizonezkoak hiru mailetan aritu dira eta emakumezkoak, batean, gazte mailan hain zuzen. Txapelketak duen erakargarritasuna aipatzeko esan, besteak beste, parte hartzen duten pilotari batzuk, urrutitik, alegia, Dantxariena, Elizondo, Gasteiz, Amoroto, Durango edo Zornotzatik etortzen direla. Bada zerbait.

Egun, militantziaren figura krisialdian sartuta dagoen zentzazioa dugunean, nire uste apalean, horrelako ekimenak antolatzen jarraitzea badute bere garrantzia, agian sinbolikoa bada ere. Eta balore horien barruan kokatzen ditut gurea bezala, urtean zehar herrigintza eredu hartuta antolatzen diren beste guztiak ere.

Horregatik, hasiera nioen bezala, ekinez ekin, dagokiguna eta dakiguna eginez, aurrera egin!

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK