Iraultza frantziarra, adibidez, Europa guztian zehar eta askoz ere lehenagotik ezbaian zeuden Erdi Aroko eskema politikoen amaieraren momentutzat hartzen dugu. Kapitalismoak komunismoaren sinbolo bilakatu zuen Berlineko murrua. Horrela, murruaren botatzea, zazpi hamarkadatan zehar sozialismotik egin zen saiakera baten amaiera puntutzat jotzen da. Bere tasun eta keria guztiekin, momentu konkretu bateko gertakari konkretu batek, zabalagoa eta aldeaniztuna den prozesu bat denboran eta edukietan mugatzen du. Ziklo batetik besterako trantsizioaren berezkotasuna, denboran zehar luzatzen den krisi egoera da; ziurtasun zaharrak balioa galdu eta berriak oraindik sortu edo asmatu ez diren momentu hori bera.
ETAren iraupenarekin berdindu dugun hirurogei urteko askapenerako ziklo baten bukaera sinbolizatzen duen ekitaldia izan berri dugu azken egun hauetan. Esan bezala, ziklo aldaketak ez dira egun batetik bestera gertatzen eta ez ditu aldagai bakar batek esplikatzen. Gauzen egoera bere horretan mantentzea helburu duten ikuspegi murriztaileetan erori nahi ez badugu, ziklo zahar eta berriaren arteko aldea ETAren existentzia edo ausentziatik askoz ere haratago joan behar dela azpimarratu beharko dugu. ETA ez da izan ziklo horren arrazoia, egoera zabalago baten ondorioetako bat baizik.
36ko gerra bukatu eta segituan hasi zen II. Mundu Gerra. Azken gerra hau aliatuek irabaziko zutela argitzearekin bat, abertzaletasunetik askapenerako bide bat marraztu zen: Hitler garaitu ondoren aliatuek Franko kendu, errepublika berrezarri eta Euskal Herriko zati batek 36ko gerra hasieran izan zuen autonomia zabala berreskuratuko zuen. 1947-1952. urteen artean baina, aliatuen gehiengoak, Francorekin harremanak normalizatu eta PNV, knockeatuta, askapenerako estrategia sinesgarririk gabe gelditu zen. ETAren sorrerak, askapenerako estrategiaren gabezi horri erantzun zion eta estrategia berrietarako oztopo bilakatu denean, desegin egin da.
Nahiz eta historian momentuak ez errepikatu, askapen estrategiak irudikatzeko dugun krisiak, distantziak distantzia 50. hamarkadako egoerarekin antzekotasunak badituela uste dut. Orain dela 60 urte bezala, mundu ikuskera bat dago ezbaian; askapenerako edozein estrategia pentsatzerako orduan naturaltzat hartzen dugun zorua dago krisian. Zoru horrek, prozesua, alderdi abertzaleen hitzarmenetatik pasatu behar dela diosku; edozer egin edo sortzen dugula ere, PNV “erakartzera” bideratu behar duela independentismoak bere bidea.
Sinistu nahi genuenaren kontra, eta azken zazpi urte hauetan ikusi duguna adibide, ETAren arma uzteak ez du PNV eta EHBilduren arteko elkarlan independentistarik erraztu. Neurri batean, independentismoak sinetsi egin du elkarlanerako arazoa ETA zela. Hau da, sinetsi nahi izan dugu, PNVk, prozesu independentistari ez ekitearen arrazoia, politikoa beharrean morala zela. Ez dugu ikusi gura, PNVk ez duela nahi, eta kito. Eta nahiko balu ere, artikulaziorako oinarria alderdiak izatea, XXI. mendeko Euskal Herrian ez dela ideia onegia. Indar metaketaz dugun kontzepzioak, subjektu politikoak estatikotzat jotzen dituen XX. mendeko politika ulertzeko moduari erantzuten dio. Funtsean, independentismoaren artikulazioa ulertzeko dugun moduaren, hau da, gehiengoak sortzeko moduaren krisian murgildurik gabiltza.
Badira urte gehiegi alderdi abertzaleen batasunaren errelatoak porrot egin duela. Independentista berriak sortzeko baliorik ez izateaz gain, oinarri independentistak bide horretan esperantza handiegirik ez duenez, aktibaziorako ere ez du balio., Datozen egunetan, seguruenik PNVk Estatuko aurrekontuak aurrera ateratzen laguntzea, porrot horren enegarren konstatazioa izango da. Horrek, EH Bildu, estrategia sinesgarririk gabe uzten duela uste dut; Autogobernu Ponentzian PNVk erabakitzeko eskubidearen alde egin eta jarraian Estatuarekin konfrontatu.
Guzti honek, independentismoak gaur gaurkoz dituen galdera garrantzitsuenetakora garamatzala uste dut: artikulazio independentista alderdi abertzaleen arteko hitzarmenen bitartez egin ezin daitekeenez eta EH Bilduk “bakarrik” ezin dezakeenez independentismoa artikulatu, nondik jo beharko luke bide berriak? Eta bide berri horretan ze egiteko izan beharko luke EH Bilduk?. Prest gaude bide egokian jartzen gaituzten galdera hauen inguruan aritzeko? edo jarraituko dugu galdera zaharretatik, hau da, “nola erakarriko dugu PNV?” galderatik erantzun berriak etorriko zaizkigula pentsatuz?
Galdera berriek, ezinbestean, EH Bilduren funtzioaren eta izaeraren birplanteatze sakon batera eraman behar gaituzte. Ezpaita gauza bera ipartzat PNVrekin hitzarmenak izatea edo jendarte aktibaziorako baldintzak sortzen laguntzea izatea. Lehenengoak, protagonista papera ematen dio EH Bilduri, bigarren aukerak ez. Badakit norberaren izaera ezbaian jartzen duen galderak egitea zaila dela, baina aurrera egiteko ezinbestekoa dela konbentzituta nago.
Esan bezala, mundu ikuskera bati erantzuten zion errelatoak ondoa jo du. Hori ere bada ziklo bukaera honen aldagai nagusietako bat. Ebidentzia honen mugarritzat jarriko dugun gertakari konkretuaren zain gaude. Zergatik ez 2018ko Estatuko aurrekontuen onartzea jarri artikulazio independentista beste modu batera pentsatzen hasteko mugarritzat? Sabin Etxea ez da munduko zilbor bakarra, ezta independentismoarentzat egokiena ere. Ziklo berriak zilbor berriak eskatzen ditu.