Iñaki Antiguedad

Ikasketa bidaian, etenik ez!

Heldu da. Heldu behar zena heldu. Gertatu, urtu da erakunde izan zena. Erakundeak ez direla zertan betirako izan seinale. Orain joatea da kontua, iraganera joatea, udako ikastaroetan eztabaidagai, batzuk gerorako perspektiba murritzean denbora luzean tematuko diren arren izan zen erakunde hura ezbaiaren mahai politikoan mantentzen. Zooma nahiago dute horiek angeluhandia baino. Joatea bai, ez ahaztea. Izan ere, kontakizunetan nork berea.

Audio_placeholder

Ikasketa bidaian, etenik ez!

Loading player...
talaiatik Iñaki Antiguedad
talaiatik Iñaki Antiguedad

Hortaz, ezinezkoa da kontakizun bakarrera iristea, nahiko lana izango baita kontakizunen zati komunak adostea. Baina horretarako ere, hegoaldean behintzat oraindik ez den lasaitasun hotza behar da. Eta horretan ere nork bere jarrera, eta jarrera guztiak ez dira mesedegarriak.

Total, ziklo bat amaitu dela diote. Niri kosta egiten zait sozio-politikan ziklotan gabiltzala pentsatzea. Mugatzaile hartzen dut “ziklo” hitza. Badirudi ziklo bat amaituta derrigor datorrela bestea, segidan. Nire ustean, baina, zentzuzkoagoa da pentsatzea denbora etengabea dela, eta denboran modu eraginkorrean egiten duguna dela gerora nahi ditugun eszenarioetara hurbiltzen gaituena. Eragin bai, egin baino gehiago, eragin; aldaketek behar dituzten baldintzak gauzatzen joateko eragin. Hortaz, eragin egin dezaketen eragileak mugitu behar dira, are gehiago, denok izan beharko genuke eragile gure esparruetan, baina mugitzea ez da nahikoa, beharrezkoa bada ere, aldaketak gauzatu behar dira, trantsiziotik trantsiziora izan arren.

Ikasketa bidaia da aurrera egiteko dugun hori. Iragana izan zenetik gauza asko ikasi daitezke, baina funtsezkoenak orainalditik ikasi behar ditugu eta aldaketen bidean jarri, atzekoz aurrera. Batek zioen legez “geroa ez da gaur iraganean zena”. Ikasketa bidaia, hortaz, paradigma berriak barneratuz, alde bakarreko/alde biko-tasunetik harago, multi eta zeharrekoa landuz, euskal lurretatik burujabe.