Endika Alabort

Alternatibak eraikiz

Ekonomia beste era batean kudeatzeko beharrak, gero eta indar handiagoa hartzen ari du. Gizartea, dabilen moduan, erabat disfuntzionala da. Nekea eta abrozimentua orokorrak dira, baina badago pultsio bat, zeinak aldaketa eskatzen duela.

Audio_placeholder

Alternatibak eraikiz

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

Parlamentuetako bideek beraien limiteak erakutsi dute, azken urteotan ikusi dugun moduan. Gobernuan egoteak ez du esan nahi botere ekonomikoa bere menpe dagoela. Azkenean, zoritxarrez, negoziazioa eta errealismoa inposatzen da. Patronal, banku, nazioarteko finantza erakunde, eta, aberatsekin akordio batera heltzea. Kaos ekonomikoa ekiditeko hasieran eraldatzaileak diren asmoak murriztuz. Eraldaketa txikiak egin daitezke, baina ez sistema OSOA erreformatzea edo kapitalismoarekin akabatzea. Parlamentuetatik ez da alternatibarik etorriko, zeozer heltzekotan, ziurrenik, populismo neoliberal bat izango da.

Horregatik, hauxe da gure mementoa. Alternatiba txikitik eragiten da, lanpostu, herri eta auzoetan era libertario, feminista eta autogestionario batean antolatuz. Horrek kontrabotere bat eraikitzen posible egiten du, Administrazio eta botere ekonomikoei geure arauak, langileonak, inposatzea ahalbidetuko duena. Gauzak nola egiten diren garrantzia duelako, agintari eta elite barik alternatiba eraiki daitekeelako.

Sindikalismoa egiteko beste bide bat existitzen da eta aldarrikatu behar dugu. Langileon eskubideak babestu, baina baita ere etorkizuneko ekonomiaren hazia erein: azken helburua enpresa langileon esku uztea izan behar da, kooperatibizatzea.

Baina ekonomia sozial eraldatzaileko kide batek dioen moduan, kooperatibistak sortzea kooperatibak eratzea baino garrantzitsuagoa da, lehenak bigarrena ekarriko baitu. Hor, sindikalgintzak zubiak eraiki beharko ditu, enpresak berreskuratzeko ezinbestekoa baita lehenago kooperatibistak sortu izana. Sindikalismoa, alternatibaren parte izango da, beren azkeneko helburua enpresak sozializatzea bada; hala ere, aurretik prestakuntza lan handia dugu. Injustua eta hiltzailea den sistema kapitalista honekin bukatu nahi dugulako, alternatiba eraikitzen ari gara, bai sindikalismotik, baita beste hamaika eremutik. Kontraboterea. Eta ez ahaztu, bizitza duin bat posible dela.