Aste honetan, ETAren desmobilizazioari aurre hartuz, Barne ministroaren esanetan demokratek etorriko den desagerpenari ez dietela ezer zor eta presoen betebeharrak zein diren ohartarazi du, egungo beraien espetxe egoerak aldatuko ez direla azpimarratuz. Ez zaigu berez euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunoi deklarazio hauen inguruko baloraziorik egitea tokatzen, baina adierazitako immobilismoak bete-betean jotzen gaitu. Ez gaitu harriduraz betetzen immobilismoaren gorazarre egiten duten deklarazio hauek, baina gu erabiltzen jarraitu nahi badute ez dezatela demokraziaren izenean egin. Lege eta tratatu internazionalei muzin egiten jarraitu nahi badute, giza eskubideak urratzen eta sufrimendua areagotzen jarraitu nahi badute, ez dezatela demokraziaren izenean egin. Mendekuan oinarritutako espetxe politika hau justifikatzeko asmoz, gorroto eta sufrimendua oinarri duen politika hau babesteko asmoz, ez ditzatela demokraziaren baloreak lur azpian kokatu.
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok demokrazian sinisten dugu, noizbait demokrazia baten pean bizitzeko aukeran sinisten dugu. Horretan lanean dihardugu, giza eskubideak pertsona ororentzat errespetatuak izan daitezen. Bakearentzako lan egiten dugu, bake iraunkor batentzako, errepika ez daitezen eszenatoki berrietara iristeko asmoz, espainiar gobernuaren borondatea aurkakoa baldin bada ere. Ezin dugu ekidin ustelkeria kasuak edo beste arazo batzuk tapatzeko gure erabilera egitea, baina ez dezatela demokraziaren izenean hitz egin.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!!