Josu Txapartegi

Defendatu

Aste honetan Rafael Vera sozialistak, ministro ohiak eta Estatuaren gerra zikiñaren arduradun nagusietako batek esan du: “los que mataban eran ellos y nosotros éramos los que nos defendíamos. Si no hubiesen matado no hubiese existido guerra sucia”.

Audio_placeholder

Defendatu

Loading player...
Josu Txapartegi Talaiatik
Josu Txapartegi Talaiatik

Hara! Estatu espainola defendatu besterik ez da egin!  Tropa españolak ez dute behin eta berriz inbaditu Euskal Herria. Espainiak ez du gure hizkuntza nazionala persegitu mende luzeetan. Ez ditu bere legeak inposatu eta gureak desegindu. Espainolek ez ziren armatuta sartu Euskalherrian 36ko kolpe militarrean. Ez digute diktadura luze bat ezarri. Ez zituzten Gernika eta Durango bonbardeatu. Ez dute ehunka euskaldun torturatu eta hil azken ehun edo berrehun urte hauetan. Espainolak ez dira etorri gauez milaka euskaldun detenitzera. Ez digute Konstituzio arrotz bat inposatu...

Denok dakigu hori eta gehiago egin digutela espainolak urte hauetan baina nonbait beraiek defenditu besterik ez dira egin, Rafael Vera sozialista ministro ohiaren hitzetan.

Ez dakit zinismoa den, sakoneko itsumen historiko bat den edo postura jakobino naturalizatu bat. Pentsatuko balute bezala: guk eskubide osoa daukagu gure asmoak inposatzeko eta onartzen ez dituztenei erasotzeko. Gure burua defendatzeko eskubidea da.  Agian izan liteke bere historia negargarri horren lotsakizunetan ez itotzeko gelditzen zaien argudio maltzur dexente bakarra: bakoitzak bere burua defendatzeko denok dugun eskubidea. Gaza bonbardeatu ondoren Israelgo agintariek ematen duten erantzun berbera. Haiena terrorismoa da, gurea defentsarako eskubidea.

Fragak aspaldi esan zuen: el problema español no existe, el único problema es que el resto del mundo está mal informado sobre España. Rafael Verak Fragaren pentsamendua interpretatu du: la violencia del Estado español no existe. Lo que pasa es que ellos matan y nosotros nos defendemos. Pentsamendu hau ez da Fragarena bakarrik, ez. Duke de Alba, Franco, Primo de Rivera, Millan-Astray, Aznar, Borbondarrak Carrero Blanco... Rafael Veraren hitzen atzean izkutatzen diren ideologo eta zapaltzaileen lista amaitezina da.  Ideologia nazionalista español horren adibide garbi bat izan liteke 36an, eman zuten agindu hau: Ordeno y mando: todo elemento extremista que al darle el grito de Viva España, no conteste de igual forma será ejecutado pasado por las armas en el acto... Ideologia nazionalista española puri-purian, Rafael Vera ministro sozialista hark eta beste sozialista askok oinarrian gainditu ezinik dabiltzana.

Itzuli gaitezen haserara: nork hasi du Espainia eta euskaldunen arteko gatazka?

Galdera honi, hogeita hamaseiko euskal-gudarien hitzekin batera Txilardegik, Txikiak, Etxebarrietak, Argalak eta beste hainbat abertzalek pentsatzen zutenarekin erantzungo diot nik Rafael Verari: ez bazinaten españolak gure herrian behin eta berriz sartu eta mantendu indarrez ez ginuen guk gure buruak defendatzeko beharrik izango. Gure borroka bai izan delako eta delako, zinez, gure herria defendatzearen aldekoa.