Eta ez dugu ahazten biziarteko kartzela-zigor berrikusgarria duten presoei sistematikoki baldintzapeko askatasuna ukatzen dietela. Hori guztiaz gain, gobernu frantziarraren norabide aldaketa batean konfiantza dugu, eragile, elkarte eta norbanako publikoek egungo espetxe politika aldatzeko egin duten eta egiten ari diren lanean konfiantza baitugu.
Errazagoa egiten zaigu gobernu espainiarraren jarrera kalifikatzea: dispertsio politika sutsuki defendatzeko borondatea, mezu eta ekintzen bidez ikusten duguna. Politika honen emaitzak: bizitzak kenduz eta sufrimendua areagotuz, beraien benetako helburuaren nondik norakoa agerian uzten dute. Euskal gizartearen, eragile politiko eta sindikalen eta instituzioen borondateak ez du PP alderdiaren jarrera eta borondate ezaren barnean tokirik. Beraien borondate bakarra euskal preso politiko, hieslari eta beraien senide eta lagunei beraien bizitzak eta sufrimendua exijitzea da.
Xabier Reyren heriotza, astebururo-astebururo arriskuan jartzen diren bizitzak, etengabeko sufrikarioa, ezintasuna, haserre eta amorrua sorrarazten digu. Baina gure sentimenduak lanerako motor bilakatu behar ditugu. Martxoaren 25ean egin genuen XVII. Batzar nazionalean genion bezala, Etorkizunari begira lanean jarraituko dugu. Konfiantza dugu bake justu eta iraunkor bat posible dela, badakigu eta badakite posible dela eta hori lortzea denen erantzukizuna da. Etxerat dudarik gabe hor izanen da.
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!!!