Josu Txapartegi

Burujabeak

Igeldo herri bat edo auzo bat izango den erabakitzeko orduan Estatu espainolaren interbentzioa edo esku-hartzea ez da azkenekoa izango. Aurreko batean Itsaso herriaren desanexiorako eskubidearekin ere berdin egin zuen.

Audio_placeholder

Burujabeak

Loading player...
Josu Txapartegi Talaiatik
Josu Txapartegi Talaiatik

Autonomia Estatutua onartu zutenetik gaude horrela. Duela gutxi Nafarroako Gobernuak atera duen Osasun Unibertsalaren Legea ere atzera bota du Estatuak.  Euskaldunok autonomia murriztu batean bizi gara: erreparatu Gizarte Segurantzaren kudeaketari edo Zorpetze mugak definitzerako orduan nork agintzen duen. Baita ere IVAren igoera eta jeitsierak zehazterakoan... gai guztietan Estatuak jartzen ditu baldintzak eta mugak.

Berdin gertatu da Lan Harremanen Erreforman edo Negoziazio Kolektiboen antolaketan. Gogoratu LOMCE Legea, gure Hezkuntza sistema osoa interbenitzen duena edo Pentsioak murrizteko gaia nork zuzendu zuen edo presoen etorkizuna baldintzatzen duen Parot Legea.

Estatuak gure soberania etengabe markatzen du. Markatu eta mugatu. Botiken ordainketan, Abortuaren legean, Frackingean, Irakasleek ordu gehiago sartzeko aginduan edo Donostiako zezenketen gaian... beti daukagu Estatua atzetik.

PP, Ciudadanos eta PSOE gustora daude Estatuaren, bere Estatuaren, interbentzio horiekin. Podemosek ez du gehiegizko ahotsik altxatzen Autonomia murrizteko saio guzti horien aurrean. Eta PNV? Honek harridura gehiago sortzen du bere burua euskal nazionalista gisa definitzen duelako. Baina Eusko Alderdi Jeltzailea ez dirudi deseroso aurkitzen denik menpeko egoera horretan.

Euskaldun abertzaletzat gure buruak dauzkagunok hasi beharko dugu etapa negargarri honi buelta emateko bideak aurkitzen.

Gure eskubideen kontzientzia hartzea izango da lehendabizi tokatzen zaigun egitekoa. Bigarrena Estatuek gure eskubide horietan egiten dituzten interbentzioak agerian jartzea.

Badago hirugarren eginkizun bat luzaroan landu beharko duguna: gure antzeko egoeran bizi diren nazio txiki guztiekin elkartasun itun bat burutzea denok batera eragiteko burujabetasuna lortzeko bidean.

Ongi izan