Oihane Mikeo

Zentzuzko Utopia

Erotizatu bizitza. Utz diezaiola koitoak genitalen plazerraren zentro izateari. Berreraiki koitoa kopula, konexio, bezala. Aireatu genitaletan gordetako sexua. Ohoratu halaber zure genitalak zure gorputz maitearen zati maitatu bat gehiago bezala. Drama kendu afera erotikoei, hutsaldu gabe. Ikasi jolas egiten, ikasi jolasaren eta jolastearen garrantzia. Gutxienez bik nahi dutenero maitasuna egin.

Audio_placeholder

Zentzuzko Utopia

Loading player...
Talaiatik Oihane Mikeo
Talaiatik Oihane Mikeo

Ez egin maitasuna nahi duzuna beste zerbait denean. Egin beti alde, inoiz ez aurka. Bereizi erotika ugalketatik, baina baita balentriatik eta etsipenetik ere, lehiakortasunetik eta bidegabekerien konpentsaziotik. Ezagutu “teknika erotikoak” eta ahaztu itzazu, ongi ikasitako liburuak ahazten diren bezala. Ez egin masturbazioa hartu-emanaren suzedaneo, ez egin harremana masturbazioaren suzedaneo. Erautsi adina, inposizio eta tabuek usurpatutako denbora. Gonbidatu zure ohera umorea eta samurtasuna. Probatu maitasuna egitea elkar ezagutzeko, probatu elkar ezagutzea maitasuna egiteko. Ahaztu betiko inhibizio eta erronkak. Ez izan axolagabe jolas erotikotan parte hartu ala ez hartzearen aurrean, honek larritu gabe. Bidea egin ahala, asmatu honetaz xaloki hitz egiteko lengoaia, handinahia, tragedia eta txutxu- mutxurik gabe.

Gorputzak jolastuz gozatu.