Martxel Toledo

Balio handikoak eta merezitakoak

Hamasei izan dira euskal sokatiralariek Xuzhoun Txinan jokatutako Munduko goma gaineko txapelketan lortutako dominak, bi urrezkoak, zazpi zilarrezkoak eta beste zazpi brontzezkoak. Horietatik bederatzi, taldeka lortu dituzte eta beste zazpiak, selekzio gisa, Basque Country izenarekin. Beraz, txapela kentzekoa izan da Badaiotz, Berriozar, Gaztedi, Ibarra, Sokarri eta Zuraireko neska mutilek beste hogeita bi naziotako tiralarien aurrean lortu duten emaitza.

Audio_placeholder

Balio handikoak eta merezitakoak

Loading player...
Talaiatik Martxel Toledo
Talaiatik Martxel Toledo

Are gehiago jakinda, gure neska mutilek sokari baldintza kaskarrean heldu behar izan diotela lehiatzeko garaian, besteak beste, gurean kirol amateurra izanik, entrenatzeko denbora gutxi izateaz gain, laguntza instituzionala eta pribatua, hutsaren hurrengoa izaten delako. Seguruenik horregatik edo, Lesakako Beti Gazte taldeak,  beraiei zegokien arren nazio gisa gurea ordezkatzea zoritxarrez uko egin behar izan dio diru laguntzarik gabe ezin izan dutelako bertara bidaiatu. Ez da lehenengo aldia eta ezta ere lehen taldea hori gertatzen zaiona, aurretik ere, horrelako egoerak eta okerragoak sokatirako taldeetan bizi izan dituztelako.

Akitan, Japonian 2001ean Munduko Jokoetan Sakana neska taldeak, urrea irabazi eta dominak jaso ondoren, protesta gisa podiumetik alde egitea erabaki zuen Espainiako ereserkia jarri ziotelako. Orduan, antolatzaileak mendeku gisa, euskal talde guztiak lehiaketatik kanporatzea erabaki zuen. Aldarrikapen ekimen horrek ondorio zuzenak izan zituen euskal taldeentzat eta tiralari beraientzat, txapelketatik kanporatzeaz gain, lehen bizpahiru urteetan, mendeku gisa, TWIFek  Europa eta Munduko txapelketetan parte hartzeko debekua jarri ziotelako.

Orduan, batzuentzat, argi gorri guztiak piztu ziren eta Sakanako taldearen jarrera kritikatzeaz gain, euskal sokatirak ez zuela etorkizunik esatera ausartu ziren. Baina oker zebiltzan, ekimen hark hasieran nazioartean selekzio gisa lehiatzeko aukerak uxatu arren, gerora bere fruituak eman dituelako, besteak beste, euskal federazioak eta hainbat sokatira taldeak buru belarri lanean jarraitu dutelako. Eta ondorioak begi bistakoak dira, egun, 2014tik aurrera,  nazioarteko federazioak, (TWIFek) Euskal Herria nazio gisa onartzen du eta euskaldunek taldeka zein nazioka beste guztion modura lehiatzeko aukera dute. Horregatik eta hasieran nioen modura, balio handikoak eta merezitako dominak dira.

Beraz, zorionak guztioi Txinan lortutako emaitza bikainagatik baina bereziki, nazioarteko lehiaketa ofizial batean Euskal Herria ordezkatzeko aukera lortzeagatik. Zuen guztion borrokak garaipena eta etorkizuna ekarri du euskal sokatirarentzat eta gure herriaren nortasunarentzat. Eutsi sokari! eta eutsi goiari!