Aitor Servier
Aintzina_talaiatik
Indar bat dabil hor

Zapaldu eta zapaltzaileen, bizitzaren eta kapitalaren edo Euskal Herriaren eta Estatuen arteko gatazkek mugitzen gaituzte. GATAZKA hizki larriz eta gatazkak pluralean. Hauek, irudikatzeko praktika berriak asmatzen ari da Ipar Euskal Herriko jendartea, engaiamenduz eta irudimenez.

Loading player...
2018/03/14 09:30

Gibelera so, urtebeteko sekuentziak argazki esanguratsuak utzi dizkigu ; eta ausartuko naiz erratera, Apirilaren 8ko egun historikoaz gain, mugarri bilaka daitekzen beste zenbait gertakari ere bai.

Luhuso ekimenak Apirilaren 8ko egunari bide eman zion, jendarte zibilaren indar erakustaldiari alegia. Armagabetzeko hauspoak ekarri zuen Pariseko mobilizazioa. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko herritarrak zein instituzioak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eskuz esku ari dira gatazkaren konponbidea sustatzen.

Ahate hazleen borrokak, parez pare jarri zituen estatuaren legezkotasuna eta herriaren zilegitasuna. Jakina denez, bigarrena garaile. Hamarnaka herritarrek egin zioten aurre poliziari, bertako laborantza eredu herrikoi eta jasangarria gorputzarekin defendituz.

Urre-meategien aurkako mugimendua, proiektu txikitzaile honen aurkako frente zabala izan da,  nahi dugun herri ereduaz bertan erabakitzearen alde aho batez eginiko aldarria.

Larrungo jolas-parkea eraikitzeko asmoa dutenek, honezkero badakite hortzak erakutsiko dizkiegula.

Martxoaren 8ko greba feminista edo Baiona, Miarritz eta Angeluko BAM euskararen erabilera bultzatzeko dinamika ere aipa nezakeen. Laburki errateko, herrigintza ari du.

Gatazkez mintzatu garen ber hitz egin dezagun burujabetzez. Autoeraketa eta eraldaketa prozesuek elkar elikatu dezaten, borroka anitzek zerumuga bateratu bat izatea da gakoa. Indar bat dabil hor, beraz, ez dezagun galtzera utzi.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK