Endika Alabort

Hezkuntza Sektorea eta klase soziala

Martxoak 8, egun historikoa. Pentsiodunak, giza eskubide bat bermatzeko martxan, erretiro duina. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan ere datorren astean grebak eta mobilizazioak berpiztuko dira. Tartetxo honetan azken gatazka honi buruz sakonduko dut.

Audio_placeholder

Hezkuntza Sektorea eta klase soziala

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

CNTk greba babesten du. Hezkuntza publikoan lan egiten dugunok ondo baino hobeto ezagutzen dugu honen gainbehera. Ikastetxe publikoetan kalitatezko hezkuntza eskaintzea  gero eta zailagoa da. Honek erantzule zuzen bat du: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak.

Gurasoek, honen jakitun eta  euren seme-alabentzat onena nahi dutelarik, aukeraketa egin dute. Gutxi gora behera  erdia publikora eta beste erdia pribatura doa. Hala ere, ezaguna da askok pribatua ordaindu ezin dutela, eta  horren ondorioz  publikora bidaltzen dituztela. Argi dago: euskal gizarteak hezkuntza publikoa txarragoa dela uste du.

Zergatik gertatzen da hau? Hezkuntza kalitatea baldintzatzen duen ezaugarrietariko bat  segregazioa da. Ezinezkoa da  kalitate bera eskaintzea  oso egoera sozio-ekonomiko eta kultural  ezberdina dituzten taldeei. Faktore hau  funtsezkoa da  gatazkaren bi aurpegiak ikusteko: lan gatazka, Eusko Jaurlaritzaren eta langileon artekoa alde batetik; eta klase gatazka bestetik. Lan gatazkan eskakizunak ezagunak dira jada.

Klase gatazkari buruz mintzo gaitezen. Ikasleria  ez da era homogeneoan banatzen publiko eta pribatuaren artean. Banaketa horretan  klase ezaugarria da garrantzitsuenetarikoa. Maila ekonomikoaren araberako segregazioa eta ustezko hezkuntza kalitate ezberdintasuna nahasten baditugu ez dugu ezer onik lortuko. Klase ezberdintasunak areagotuz diskriminazioa eta, limiteko hainbat kasutan, kriminalizazioa ere  bultzatzen ari dira.

Beraz, kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko, aldarrikatu beharreko lehenengo gauza ikasleen segregazioa diru publikoarekin finantzatzeari uztea da.

Hamaika arrazoiak direla eta, klase gatazka barne, martxoaren 14an eta 15ean CNTk sektoreko langileekin izango da.