Irati Gonzalez Larena

Amantalok ere greban! Amantalok balkoira!

Zentimo ziztrin batzuen truke sortu ninduten. Maitasunaz ezer gutxi dakien fabrika zahar, gris, handi eta inpertsonal hartan. Garbitzeko, pertsonak zaintzeko, sukaldetzeko eta inork bete nahi ez dituen lan horiek egiteko erabili naute gaur arte. Lan zikinak egiteko. Inork ikusi, baloratu eta egin nahi ez dituenak. Gutxi ordaindutakoak, edo ezer ez.

Audio_placeholder

Amantalok ere greban! Amantalok balkoira!

Loading player...
talaiatik irati gonzalez
talaiatik irati gonzalez

Bada, baina, nire destinu petrala alda dezakeenik eta balkoira atera nahi naute oraingoan. Balkoira. Nire sufrimendua lau haizetara aireratu nahiko balute bezala, horrek mina nola arintzen duen jakingo balute bezala. Egiten ditudan lan guztiak baliotsu, inportante, handi… bihurtuko nahiko balituzte bezala.

Hala, leloak, bromak, marrazki politak eta antzerakoak pintatuko omen dizkiguzue. Bazenuten ba, garaia, ñoooo! Zuen etxeko balkoietan eskegiko gaituzue, beraz, martxoaren zortzian, duela sei urte egin zenuten bezala. Aire freskoa etorriko zaigu oihalera eta aurrerantzean, jantziko gaituzuenean seguruenik, begirada desberdinarekin zuzenduko zarete gugana. Hori izango al da feminismoaren lorpenik handienetakoa? Elkarri baloratu, onartu eta elkarrekin borrokatzea, edozein delarik lanerako tresna?

Horrela bada, guk ere egingo diogu planto sistema heteropatriarkal kapitalista zapaltzaile honi! Josi gintuztenen malkoengatik, erre zituztenengatik eta jantzi gaituzuenongatik, amantalok ere greban! Amantalok balkoira!