Iñaki Antiguedad

Lurraldea, kontzeptu politiko osoa!

Lehengoan, Gure Esku Dago-k deituta, mahai inguru batean hartu nuen parte Gasteizen. Geure gauzetan erabakitzeko dugun eskubideaz aritu ginen han, zergatik eta zertarako erabaki. Eta zehatzean Gure Lurraz erabakitzea izan genuen mahaian ardatz. Hona nire ekarpena.

Audio_placeholder

Lurraldea, kontzeptu politiko osoa!

Loading player...
talaiatik Iñaki Antiguedad
talaiatik Iñaki Antiguedad

Geure bizitzaz erabaki behar dugulako erabaki behar dugu geure Lurraz. Izan ere, bizitzeko eredua, bizimodua, komunitatearen garapen eredua bera, ez da airean gauzatzen, lurrean baizik. Hortaz, lurra izan gabe ez da garapenik, ez lurralderik, are gutxiago lurraldetasunik. Eta Lurra esatean Lurraldea dut nik beti buruan, kontzeptu politiko osoa.

Bere lurraldearen jabe ez den jendarte bat ez da jendarte osoa, beste baten zati baino ez da. Eta euskaldunok jendarte oso behar dugu, ez zati! euskaldun jende modura munduetan aritzeko, onerako! Izan ere, planetako mundu guztiek, euskaldunonak ere, duten erronka nagusiari aurre egiteko behar dugu geure Lurraz erabaki ahal izatea. Ahalmena, hortaz, kanpora begira ahaldun aritzea. Eta gaitasuna ere behar dugu, barrura begira euskal jendartean egin beharreko aldaketak egiteko gai izatea, bidea bide. Burujabetza, kanpora eta barrura begira.

Eta dudarik ez dut nik, XXI. mendean guztiok, han-hemen, daukagun erronka nagusia, beste erronka guztien biltzaile, iraunkortasuna da, jasangarritasuna nahi izanez gero, sostenibilitatea. Hots, jendarte bidezkoa, ekonomia osasuntsua eta ingurumen bizigarria. Horra zentzuzko garapen iraunkorraren ohiko hiru zutabeak. Baina ez dezagun ahaztu, hiru zutabeok lurralde zehatzetan gauzatzen direla, ez airean. Hortaz, Lurraldea, kontzeptu politiko osoa, Lurra eta Biztanleak biltzen dituena, bio-fisikoa eta soziala; ura, energia, elikagaiak, paisaia, baliabide asko eta askotarikoak … bai, baina hori baino gehiago da Lurra, jendarte baten euskarria eta arnasgunea! Eta beste arrazoi nagusi bat ere badut izan: 0 kilometroa maite dudalako! Hurbiltasuna!