Ainhoa

Internazionalismotik, Euskal Herria eraiki!

Aurten ere, munduko hainbat txokotara antolatu ditu brigadak Askapenak, baina ahaztu gabe Euskal Herria dugula helburu. Izan ere, internazionalismoak gure herriaren askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Askapenaren hastapenetatik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Audio_placeholder

Internazionalismotik, Euskal Herria eraiki!

Loading player...
ASKAPENA TALAIATIK
ASKAPENA TALAIATIK

Gainerako herri langileen borrokak ezagutu, eta jasotako irakaspen horietaz elikatu dituzte gureak, ehunka euskal brigadistak. Eta, modu berean, gure herriko esperientzia eta borrokak beste herrietara ere zabaldu dituzte, bide bera konpartitzen dugula ulertzen dugulako. Horregatik diogu “Internazionalismotik, Euskal Herria eraikitzen” ari garela.

Guk herrion askatasuna dugu helburu, baina horretarako, jakitun gara geurea askatzea dela gure lehentasunezko zeregina, hori baita, zalantzarik gabe, gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena. Hala, brigadak baliatzen ditugu herrion borroken elkar-ezagutza bultzatzeko, eta bueltan, Euskal herrian, internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten.

Elkartasunak politikoa behar du izan, eta bi norabideetakoa, eman eta jasotzekoa, alegia. Horrela ulertzen dugu internazionalismoa, eta brigadek horri erantzun behar diotela uste dugu. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta karitatez laguntzera edota irakaspen iraultzailerik ematera ere. Urte luzeetako esperientziak ondo baino hobeto erakutsi baitigu praktika horiek ez dutela eraginkortasunik. Jarrera paternalistak bultzatzera zein besteen borrokak eskaparate huts bilakatzera daramatzate; ez doaz, inondik inora  ere, sistema gainditzera.

Askapenatik egindako analisien harira, munduko hegemonia hiru eremu geografiko nagusitan jokatzen ari dela esan dezakegu, eta horren aurrean, herri langileon etorkizuna dago jokoan. Baina, baditugu begiratu beharreko borroka benetan interesgarriak, batean eta bestean. Horregatik, aurtengoan, Latinoamerikara, Ekialde Hurbilera eta Europara izango ditugu brigadak.

Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak zein prozesu iraultzaileen ezaugarriak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, emakume langileen erresistentzia, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste.

Ekialde Hurbilean, berriz, inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, emakumeen erresistentziak, okupazio militarra eta horrek dakarren ondorio nagusia: errefuxiatuen ihesa.

Azkenik, Europan, periferiako herriek bizi duten egoera landuko dugu, baita ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesuak ere.

Beraz, Euskal Herriko internazionalistei dei egiten dizuegu internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen jarraitzera. Animatu brigadetan parte hartzera eta elkartasun-zubiak indartzera! Internazionalismoa baita herrien arteko samurtasuna.