Abenduaren 2an 81 urte, Albertia mendian ANVko Olabarri eta Isaac Puenteko bataloiko gudariak inguratuak geratu zirela. 150tik gora bizia galdu zuten bertako pinudietan. 81 urte bete zen udan CNTko kideen barrikadek altxamendu faxista Donostiako Urbieta kalean gelditu zutela. 81 urte beteko dira Italiako Aviazione Legionariko hegazkinek martxoaren 31an Durango bonbardatu eta 336 hildako eragin zutela. 81 urte beteko dira apirilaren 26an italiarren hegazkinek berriz, orain Kondor legioarekin eskuz-esku, Gernika bonbardatu zutela. Ondoren Gernika eta Bermeo hartu zuten frankistek eta maiatzeko lehen egunetan Sollubeko gailurretan antolatu zen Bizkaiko defentsa eta borroka latzak hasi ziren bertan. 81 urte. 81 urte beteko dira ekainean Bilbo faxisten menpe erori zela.
Eta munduko beste komikigintzek euren historiarekin egin duten bezala, adibidez Frantziako komikigintzak bere historia hainbat komikietan islatu duen bezalaxe, gureak ere, historiaren zenbait pasarte kontatzeko gaitasuna baduela erakutsi izan du sarri. Gerra Zibila Euskal Herrian izan da komikietan hainbatetan ukitu den gaia eta horrela lehen aipatu ditugun pasarteak badaukate dagokien komiki-liburua. Gernika, Euzkadiko Guduan, Gorka Gudari, Tristisima Ceniza, Diamanteak, urrea eta ikatza, Urbieta Kaleko borroka, Berunezko Itsasoa, Asylum, Udaberririk ankerrena, Begien Indarra dira tituluetariko batzuk. 81 zenbaki borobila ez den arren, aurten ere, ahanzturaren aurrean testigantza bizia ematen jarraituko dute komikiok.