Gari Otamendi

Duintasunaren sarrailak

Hamar minutu neramatzan dantzari lagun bat saio bat egiteagatik kobratutakoa ez zela asko konbentzitzen. Argudioak eta argudioak ematen, egindako lanaren duintasunaren zati bat diru-sarian dagoela adierazteko.

Audio_placeholder

Duintasunaren sarrailak

Loading player...
Talaiatik Gari Otamendi
Talaiatik Gari Otamendi

Saioa prestatzeko entsegua, ordenagailuan eta whatsappean emanaldiko dohiketak egiten pasatako denbora, edota saioaren eguneko orduak kontabilizatu ditugu, besterik ez bada, emandako denbora neurtzeko.

Jakintza eta abildadea ere kontuan hartu ditugu. Egindako lana erraza suertatu zaiola esan dit, eta zehazki horregatik deitu diotela azpimarratu diot. Messik igandetan futbolera jokatzeagatik milioiak kobratzea baleko argudioa izan da.

Azken boladan, mantra-hitz ari da bihurtzen prekarietatea. Deigarria da, kontraesanean baitago sorkuntzarekin, alegia boladan dagoen beste mantra-hitzarekin. Honezkero, goseak sormena pizten duela esatea erabat friboloa da.

Ez da mantra-hitz hutsa. Orokorra den egoera baten adierazlea da. Kultur sektore askotako gero eta pertsona gehiagori entzuten ari naiz, eta zenbait kasutan, egoera muturrekoa da.

Bi minutu. Horixe da ondoko bulegoan hondatutako atea irekitzeko sarraila-konpontzaileak behar izan duen denbora. Hainbat bulegok partekatzen dugun sukaldeko labana hartu eta zello zinta batekin inprobisatu du maratila. Baten batek pentsa lezake txapuzero bat izan dela, baina argi zioen fakturako gaiak: atea irekitzea izan da zerbitzua.

Faktura xehea zen. Urgentziazko irteera, egindako lana eta pasatako denbora… dena boligrafoz txukun idatzita. Patxada handiarekin itxoin dio kutxazainera esku-dirua ateratzera joan behar izan duen bulegariari. Laurogeita hamar eguneko epeko ordainketen eskarmentua.

Halakoetan, sarraila-konpontzailearen azal gogorra kritikatzera garamatza inertziak. Eskatutakoa beteta eta jornala jasota joan da. Duintasunez.