Koldo Garcia

Geneei zukua ateratzen

Goizero gosaltzeko zukua hartzen dut. Oraindik lokartuta nagoela hiru laranja hartzen ditut, zatitu eta zukugailutik pasatzen ditut. Lokartuegi laranja horien genetikari buruz pentsatzeko. Baina ikerketa berri batek zitrikoen genetika aztertuta beren eboluzioan sakondu dute.

Audio_placeholder

Geneei zukua ateratzen

Loading player...
Talaiatik Koldo Garcia
Talaiatik Koldo Garcia

60 zitriko eta barietateren material genetikoa aztertu ostean, zitrikoak Himalayen hegoaldean, Assam, Myanmmar eta Yunnaneko parajeetan, sortu zirela orain dela 8 miloi urte ondorioztatu dute. Hasieran hamar bat zitriko espezie izango ziren. Beranduago, orain dela 6-8 milioi urte artean, espeziazio arin bat jaso zuten zitrikoek. Honen arrazoia montzoien ahultzea izan daiteke, klima lehorrago bat sortuta, garai horretan ere beste animalia eta landare espezie batzuetan gertatu zen bezala. Azkenik orain dela 4 milioi urte zitrikoak Australiatik hedatu ziren.

Hori berezko eboluzioari buruz, baina zer ondorioztatu dute domestikazioari buruz? Bada, mandarina barietate askotan pomeloen aztarna genetikoak aurkitu dituztela. Hau da, mandarinak eta pomeloak gurutzatu zituztela eta, gainera, hibrido hauek beraien artean. Baita ere mandarinen barietateen arteko harremanak ezartzea posible izan da, zein zeinetik eratorri den ondorioztatuz. Eta goizero zukua ateratzen diedan laranjen jatorria, beren egitura genetikoa ikusita, halabeharrez, mandarinetan dagoela.

Gainera zitrikoen arteko nahasketak ikusita, badirudi gizakiok hainbat ezaugarri hobesteko nahita egin ditugula eta gero barietate horiek mantendu. Edo barietateen eta espezien arteko gurutzaketa berriak egin ezaugarri bat edo beste indartzeko. Adibidez, limoien material genetikoan zidroen eta mandarinen aztarnak daude. Hori dela eta zitrikoen harremana konplexua da eta beraien izendapena eta taldeak berrantolatu beharko dira. Beraien arteko lotura, zuhaitz bat baino, sare bat dirudi.

Ez dut uste goizetan nire neuronak hainbeste zehaztasunei  buruz hausnartzeko gai izango direnik, baina bai pentsatzeko zukua ateratzen ari naizen laranja horiek genetikaren erabilpenari esker aurrean ditudala.