Josu Txapartegi

Hipokresia

Gizarte baten degenerazio moralaren lehen seinalea hipokresia izan daiteke. Kontu, hipokresia lehen zantzuekin, atzetik injustizia edo zapalketaren bat etor daiteke eta.

Bolada luze honetan esaldi bat badabil, kakotxa arteko jende etiko moral zintzoen artean horrela dioena: hiltzea beti dago gaizki, hiltzea inoiz ere ez da bidezkoa, ezin da arrazoi politikoengatik inor hil...

Audio_placeholder

Hipokresia

Loading player...
Josu Txapartegi Talaiatik
Josu Txapartegi Talaiatik

Hori aitortu ondoren bere gela ofizialetan sartzen dira, bolada bat isilik igarotzen dute eta berriro jendaurrera irteten direnean, mezua errepikatzen dute: hiltzea ez dago ondo, beti egon da gaizki...

Benetan esaten ote dute hori? pentsatzen gelditzen naiz. Heriotza guztientzako balio ote die esaldi horrek? buruari bueltaka.

Eta halako batean enteratzen naiz Bilboko portutik toneladaka arma irtetzen dela Arabia Saudira... arma horiek jendea hiltzeko direla, pentsatzen dut, jendea hiltzen dutela. Orduan nire belarriak politiko zintzo horiengana zuzentzen dira: esango dute zerbait? Aitortuko ote dute ez dagoela ondo Bilboko portutik jendea hiltzen duten armak banatzea? Esango ote dute ez dagoela ondo gure herrian armak fabrikatzea, ondoren ez dakit nongo gerraren batean erabiliak izateko? Isiltasuna besterik ez dut jasotzen. Baina ordurako nire  senak hipokresiaren tekla esnatua dauka.

Hipokrita alenak! pentsatzen dut. Gezurretan diozue hiltzea ez dagoela ondo. Hiltzea ez dago ondo baldin eta zein hiltzen den, hori da esan nahi duzuena egiazki. Hor dago aldea, hipokrita madarikatuok! Zuetarra bada, zuen interesen baitakoa hiltzen dena, zuen negozioen ingurukoa, zuen ideologiaren aldekoa... orduan da txarra hiltzea. Besteena, ezezaguna, urrutikoa  hiltzen bada,  orduan hitzik ez... zer egingo diogu ba... gerrak daude han eta...

Hipokresia horretan oinarrituz eraiki nahi dute agintari batzuk gure elkarbizitza. Bukatzeko Bilboko portuko armei buruzko bi jarrera kontrakoak gogoratu nahi ditut. Gogoan dut  portuko langile hura armak itsasontzian kargatzera ukatu zena. Eta gogoratzen dut duela egun gutxi Bilboko arma-itsasontzi batean zintzilikatu ziren lagunak salmenta hauek salatuz.  Edo larunbata honetan armen exportazioaren aurka egin zen konzentrazioa.  Gizakiaren alde baikorrenak gogoratu dizkidate.

Baina izan da alderantzizko adibide bat ere, bertako portuko nagusi batena esan duenean: armak nire portuan? Hori ez da nire ardura. Ni itsasontziak eta zamak portuan ongi sartu eta ongi ateratzeaz  arduratzen naiz, ontzien barruan doana ez da nire ardura.

Hipokresiaren adibide garbi bat. Injustizia galantak eta heriotza ugari estaltzen dituen hipokresia.

Ongi izan