Ane Urkiri

Harmaila aldizkaria

Pasa den astean kirol munduan agintean dauden emakume kopuruez eta hauen ausentziez aritu ginen San Telmo museoan, bi aditurekin. Bat kirol-psikologia izatearren eta hainbat klub ikertu dituelako eta bestea Delteco Gipuzkoa Basketeko presidente delako, alegia. Ainhoa Azurmendi eta Nekane Arzallus, hurrenez hurren.

Audio_placeholder

Harmaila aldizkaria

Loading player...
Ane Urkiri Talaiatik
Ane Urkiri Talaiatik

Interesgarria izan zen beraien pentsamendu eta iritziak aditu eta bakoitzak, horietatik abiatuta, hausnarketa sakon bat egiteko. Gutxi dira emakume agintariak kirolean, eta askotan gutxiesten dira, aurreiritziez josirik. Arzallusek aipatu zuen neurketa batean, atsedenaldian, arerio zuen presidenteak harriturik esan ziola ez zuela uste presidentea zenik. Eta hain lasai geratu zen…

Hainbat anekdota kontatu zituzten, eta azpitik lan egitearen beharraz mintzatu zen Azurmendi. Emakume presidente bat izatea ez baita askotan berdintasunaren seinale, edo-eta emakumearen papera hauspotuko duenik. Eibarren kasua nabarmendu zuen, zuzendaritza taldean %45a emakumeak izanik ere, jokalari batzuen bideo polemikoarekiko izan zuten jarrera kritikatuz. Ez zuen izenik esan baina guztiok dakigu zeintzutaz zebilen, Enrich eta Luna, zalantzak argitzeko.

Eta hausnarketa horiek guztiak Harmaila aldizkarian agertzen dira. Publizitate antzeko mentzio hau ez dator dohain, bai edo bai. Aldizkariak antolatu baitzuen mahai-ingurua. Uztailean argia ikusi zuen aurreneko euskarazko kirol aldizkaria da eta dagoeneko bigarren zenbakiarekin lanean dabiltza Eñaut Barandiaran, Iñaki Berastegi, Aitor Manterola eta kolaboratzaileak. Eta askotan hainbeste kostatzen dena egiten dabiltza: kirolak errespetuz tratatuz eta argitaratutako bi aleetan emakumeei presentzia handia emanez. Behar den bezala, eta ez luke behar harritzekoa izatea, baina zoritxarrez hala da. Patxadaz irakurtzeko milaka histori baitaude atzean, mutila edo emakumea izan, futbolaria edo pelotaria izan.