Lander Arbelaitz

Asimilatu nahi gaituzte, zer egingo dugu?

Gakoa saioan estreinatu da gaur Argia-ko Lander Arbelaitz kazetaria. Gurean egonen da hamabostean behin. Bere lehendabiziko hausnarketan euskara izan du hizpide. Euskara eta Estatuetatik datozen mehatxu zentralizatzaileak, baina baita Euskal Herrian josi ditzakegun alternatibak ere bai.

Audio_placeholder

Asimilatu nahi gaituzte, zer egingo dugu?

Loading player...
Lander Arbelaitz
Lander Arbelaitz

«Herri gisa gainera datorkigunak ez du itxura onik, nere ustez behintzat. 

Orain egun gutxiko albiste batzuk aipatuko ditut. Batetik, Espainian Ciudadanos alderdiak, Ibex 35aren jostailu politiko neoliberal berriak, proposatuko du legez Euskal Herrian langile publiko izateko ez dadila beharrezko izan euskara jakitea, ez dadila beharrezko izan Galizian galiziera, Herrialde Katalanetan katalana eta Aran haranean aranera. “Lenguas cooficiales” deitzen dieten bigarren mailako hizkuntza hauek, gureak, traba omen dira erdaldunentzat lana lortzeko orduan. Gaztelania beharrezko izango dela ez dute aipatu ere egiten, ezta Espainiako Estatuaren barnean, beren lurraldeetan koofizial ere ez diren asturiera, guantxera eta aragoiera. 

Azken puntu hau euskaldun gisa presente izatea dagokit, Donostiako Bagera elkarteak atera zituen kamiseta batzuek zioten bezala, ni euskaraz ari bainaiz munduko hizkuntza guztien alde. Eta batez ere, hizkuntza zapalduen alde. 

Erdaraz esaten digute gure hizkuntzak ez direla beharrezkoak. Traba direla. Gure hizkuntzak ez dakizkitenak diskriminatzen ditugula. 

Nor eta gu, gu omen gara diskriminatzaileak. Gure hizkuntzak eskolan mintzatzea debekatu dizkigutenok, gure milaka arbaso jipoitu dituzten arren gure hizkuntzak mintzatzeagatik. Hori diote milaka herritar konplexuz eta irainez bete gaituztenek; legez, armaz eta epaitegien bidez hizkuntza borroka honetan egunez egun gainetik pasatzen saiatzen direnek. Hipokrita eta erasotzaile hauek saltzen digute haiek direla biktimak. Nori eta desagertzeko zorian dauden hizkuntzekin Unescok egiten dituen zerrenda makabroetan egoten ohitu garen hizkuntzetako hiztunoi. 

Aste berean jakin dugu euskaraz jakitea ez dutela eskatuko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 340 lanpostu publikoren eskaintza berrian, Espainiako Estatua izango delako zuzenean kudeatuko duena ekimena; eta astebete lehenago, inork izen, abizen eta aurpegirik jartzen ez dieten epaileek, gure bizilagun direnek, argudio gisa erabili dutela euskaldunok erdaldunak diskriminatzen ditugula, beraiek bezain libre bizitzen saiatzeagatik, hizkuntzaren alorrean ere justizia egiten saiatzeagatik, kasu honetan Gipuzkoako Aldundian. 

Eta bai, hainbestetan eta hainbeste kanalen bidez esaten digute, non euskaldun askok perspektiba galdu eta sinetsi ere egiten duela. Halakoen aurrean, ez genuke ahaztu behar egungo egoerara ez garela kausa metereologikoengatik heldu, eta ezin ukatuzkoa dela Euskal Herrian gaztelania eta frantsesa aspaldi inposatu zizkigutela eta inork ez duela bere hizkuntza uzten sufrimendurik gabe. 

Halako adierazpenak, halako asmo politikoak, eraso zuzenak dira gure aurka eta kirats asimilatzailea urrutitik atzematen zaie. 

Hala ere, gure herrian, gure hizkuntzan bizi nahi dugu eta horretarako eskubidea daukagu. Gure herriko administrazioarekin harremana gure hizkuntzan eskatzea erabat legitimoa eta justua da, eta hori egunerokoan borrokatzea gure esku dago. 

Hizkuntza da komunitate bati nortasuna ematen dion elementu nagusia. Horregatik sartzen dira euskararekin, deserrotu egin nahi gaituztelako, errazago asimilatzeko hain zoragarri geratzen ari zaizkien Espainia eta Frantzian. 

Bata bestearen atzetik, kolpeak jasotzen ari garen sentsazio hau gogorra egiten zait. 

Nire ustez, argi geratzen da, Espainia eta Frantzian goitik ez digutela aurrera egiten utziko, eta beren interesa, Wert ministro espainiarrak esan zuen gisan, “Kataluniako haurrak españolizatzea” da. Eta hori guri zuzendua ere badago. 

Honen aurrean zer? 

Batetik, ilusioz bizi dut azken urtean Egiatik sortuta behetik gora herriz herri hazten doan ahalduntze kolektiboa. Urte amaieran Euskaraldia ekimen erraldoia egingo da eta zoragarria litzateke ahalik eta jende gehienak parte hartzea esperientzia honetan. Herritarrok gure egunerokoan konpromiso pertsonalak hartzea bultzatzen delako, euskaraz egun bizi garena baino gehiago bizi gaitezkeela agerian uzten duelako eta aldi berean olatu kolektibo baten barnean doalako.  

Nik uste, baldintzak badaudela kontziente izateko euskararen aldeko borroka eskubideen aldeko borroka bat dela, erabat politikoa, eta guk nahi badugu, komunitatea hazteko eremu erraldoiak ditugula. Adibidez, hiztun gisa egiten diguten zapalkuntza, gizartearen beste esparruetako zapalkuntzekin lotzen asmatzen badugu, borroka hauekin, gure herria eraikitzen jarraitzen dugula, azken aldian feminismoarekin egiten ari den gisan. 

Ikusiko dugu Ciudadanosen ekimenak zer ematen duen eta geroz eta eskuinerago joaten ari den Espainian, Frantzian eta Euskal Herrian fitxak nola mugiarazten dituen egoerak. Horren aurrean, nire ustez, batetik, asmatu beharko dugu gure eguneroko lan txikia, milaka euskaldunek elkarrizketaz elkarrizketa hizkuntzarentzat espazioak irabazten; bestetik, hasi beharko gara egiten dizkiguten erasoei erantzun irmoagoak ematen; eta hirugarrenik, egun daukagun autogobernu kuotan euskara Euskal Herri osoan ofizial egiteko gure instituzioei bultzada eman beharko diegu. 

Hiru elementu horiek kontutan hartu gabe euskagintza kamutsa izango dugu, eta egoerak maila eskatzen du, herri gisa jokatzea alderdien logikaren gainetik. Ea lortzen dugun aurka eman nahi diguten kolpea gure aldeko olatua indartzeko erregai bilakatzen.»