Aitor Servier

Batasun nazionalaren sirenak

2015eko Pariseko atentatuen ondoko testuinguruan, salbuespen egoera legez betikotu du Frantziak. Soldadutza berrezartzea hitzeman zuen Macronek hauteskunde kanpainan. Estatuaren norabide militar eta sekuritarioari jarraiki, hitzemandakoa bete nahi du lehendakariak.

Audio_placeholder

Batasun nazionalaren sirenak

Loading player...
Aitor Servier
Aitor Servier

Hilabeteko soldadutza edo hainbat urtetan egin beharreko ibilbide herritarra ; litekeena da legebiltzarrak bi aukera hauek aztergai izatea. Baldintzak aldatu arren, Batasun nazionalaren sirenen oihartzuna dakarte bi proposamenek. Nazioaren eta armadaren arteko lotura indartzeko nahikeria omen du Eliseoak. Bakearen zaindari erraten zaiei poliziei frantsesez. Badakigu ordea noren bake faltsua saltzen duten boterearen esku-mutilek. Terrorismoaren aurkako borrokaren estakuruarekin, Frantzia inperialistaren eta klase zapaltzaileen interesak defendatzeko eraiki dute gaur egungo orden sekuritarioa.

Ekialde Hurbilean eta Afrikan gerla eta miseria erein dituen armadaren papera zuritu nahi du Estatuak. Erreforma neoliberalen aurkako manifestariak zauritu eta bazter auzoetako gazteak bortxatu edo hiltzen dituen poliziaren lana justifikatu. Ipar Euskal Herriko gazteriak ere pairatu du okupazio indar honen errepresio bortitza. Diotenez, berdintasuna eta klase sozialen arteko elkartrukea izanen da egitasmoaren beste ardatzetako bat. Alegia, auzoan, eskolan eta lan-munduan bazterkeria baino bizi izan ez duenari ere, Errrepublikak aukera berdintasuna eskeintzen diola sinetsarazi nahiko diote.

Intsumituen borrokaren berri badugu gaur egungo euskal gazteok. Milaka eta milaka izan ziren herrien presondegia diren Frantzia eta Espainiari buru egin eta desobedientziaren hautua egin zutenak. Ordukoen engaiamendua eredutzat hartuko dugu asimilazioaren aurkako bihar-etziko borroketan. Soldadutzaren berrezarpenak, gazteria bezatzeko helburu argia du. Askapen prozesu ororen hauspoa den gazteria alienatzeko tresna du eskuetan gobernuak. Baina makurtu gabe, gazteriaren haserrea antolatu eta Frantziak ezarritako dominazio sistemaren aurkako borrokatzeko indarra piztuko dugu.