Martxel Toledo

Futboleroak eta futbol euroak hitzak antzekoak baina...

Badakit bai oraingoan ere ez naizela originala izango, futbol munduan gertatutako pasadizo baten inguruan aritzeaz gain,  aurreko astean, gurean, hedabide batzuk notiziari jarraipen zuzena egin ziotelako. Badakit ere esango dudanak, agian zaletu batzuen sentsibilitatea ukitu ditzakeela, baino tira, uste dut, futbol mundutik harago, hausnarketatxo bat, xumea bada ere, merezi duela.

Audio_placeholder

Futboleroak eta futbol euroak hitzak antzekoak baina...

Loading player...
Talaiatik Martxel Toledo
Talaiatik Martxel Toledo

Ondarruko futbol jokalari batek berea utzi eta orain arte etsai gisa kontsideratuta zeukan  taldearekin sinatu duen kontratuak Donostiako taldearen zaletuengan sortu duen zalaparta eta haserreaz ari natzaizue.

Mundu honetan bizi garen gizakiok, badakigu boterea diruaren sinonimoa dela. Eta futbol mundua ez da salbuespena, oraindik batzuk horretaz jabetu ez arren. Iñigo Martinezek egin duena, alegia, Erreala utzi eta Athletic-ra joatea, ez baita zerbait berria, aurretik beste batzuk ere, besteak beste, egun kirol zuzendaria den Loren edo eta Iturritxa, Alkiza, Etxeberria, Imaz, Zubiaurre, Gabilondo, Diaz de Zerio, Castillo, Balenziaga, etb.,. bere garaian antzeko erabakia hartu zutelako. Seguru nago gainera, Iñigorena ez dela azkenekoa izango, logikoa ere badelako bizi garen gizarte globalizatu honen barruan, bakoitzak bere autoa egitea, are gehiago, jokoan diru asko dagoenean. Eta honekin ez dut esan nahi, soilik diruagatik joan direnik, beste irizpide batzuk, tartean kirolarenak ere, izango zuelako zerikusia horrelako erabakia hartzerako garaian. Gainera, Iñigok, bakoitzari dagokigun erabakitzeko eskubidearen aplikazioa muturreraino eraman baino ez du egin.

Baina ulertzekoa da ere Errealeko zaletu horien haserrea batetik, Athleticek  Errealari proiekzio handiko jokalari bat kendu diolako eta bestetik, Iñigo berarekin, are gehiago, orain bizpahiru urte prentsaren aurrean Athleticen inguruan esandakoa bete ez duelako, alegia, Athletic etsaia kontsideratzen zuen heinean  ez zela inoiz beste bandora pasako. Eta horretan, Iñigo ez da koherentea izan.

BECen, iaz jokatutako euskal herriko txapelketa finalean futbol jokalari profesional baten paperean sartuta Maialenek kantatu zituen bertsotan entzundako esaldi pare bat etorri zaizkit burura, alegia,  " nik hala ere segitu nahi dut banku kontua bikaintzen, futbolarioi ez digute eta, pentsatze arren ordaintzen ”. Seguru nago,  kasu honetan behintzat, Iñigok, jokoan zegoenagatik, erabakia asko pentsatu ondoren hartu duela.

Bukatzeko eta gaiaz aldatuta esan, bihartik aurrera, Neguko Joko Olinpikoak hasiko direla Ipar Korean eta bertan lau euskal herritar, Del Campo, Egibar, Montoya eta Rojo ariko direla Espainiako selekzioarekin, besteak beste, ez dutelako euskal selekziorik onartzen. Betiko egoeran jarraitzen dugu, alegia, ofizialtasunik gabe. Noiz arte horrela?