Amaia Zufia Erdozain
Amaiazufiatalaiatik
Martxoaren 8an emakumeok* grebara

“Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu. Emakumeek, lesbianek, transek, migratutakoek, gure aniztasun osoan, PLANTO EGINGO DUGU!”

Loading player...
2018/02/07

Hala zioen aurreko astean Euskal Herriko Mugimendu Feministaren oihuak. Egun hauetan ez dira galdetegiak falta: Greba Feminista… Zer? Nola? Zertarako? Has gaitezen, bada, bolo-bolo dabilen eztabaidarako motoreak berotzen.

Zerrendatu izan ditugu datuak, zioak adierazi, ehunekoen desorekak azaldu, zenbakiek estaltzen dituzten istorioak izendatu. Hor dira lanaldi amaigabeak, miseriazko baldintzak, bizitzak eusteko ditugun ardura pisutsuak, eraso sexistak, heriotzak, publizitatearen estereotipoak, bazterkeria, arrazakeria… Zenbat motibo behar dira planto egiteko? Arrazoi gehiegi izatea ez al da nahikoa?

Sistemaren josturak lehertzeko berrasmatzen ari gara herraminta politiko hau: greba feminista. Basakeria neoliberalaren maskara erori da. Argi dago, sisteman ez gara denok sartzen eta ajuste planek emakumeon gorputzak bereziki kolpatzen dituzte.

Hemen eta orain, masiboki erantzuteko beharrak barrua jaten digu. Mundu berri bat eraikitzeko premiazko desira dugu, kapitalismo harrapakaritik askatzeko urgentzia. Emakumeok pairatzen dugun gatazka soziala konpontzeko ezin diogu soilik enpleguari so egin. Eremu intimoa, etxea, kalea edota politika astindu galanta behar dute.

Arazo zaharrentzat galdera berriak ditugu. Zer da lanuztea bere ama egunero zaintzen duenarentzat? Eremu informalean lan egiten duenarentzat? Enplegurik ez duen horrentzat?

“Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!” jarraitzen zuen feministen oihuak. Greba gure prekarietatea politizatzea da. Sistemaren aurkako jarrera globala artikulatzea. Lapurtu diguten denboraz, ongizateaz eta zorionaz jabetzeko pultsua botatzea. Emakume desjabetuon loturak estutzea. Bizi dugun eguneroko biolentzia eredu ekonomiko eta politiko jakin baten baitan kokatzea. Ekonomiaren ezkutuko dimentsioa azaleratzea da, lana bera birpentsatzeko.

Historikoki biziraupenarekin lotutako mobilizazio ekintzen protagonista izan garenok, oraingoan, greba klasikoaren ardatzak biderkatzera gatoz. Bizitzaren erreprodukzioa erdigunera ekarri eta, horretarako, ardurak, bitarteko komunak eta azpiegiturak birplanteatzeko garaia dela aski dakigu. Beraz, kapitalaren harreman sozialak iraultzera etorri gara.

Asanblada parte-hartzaileetan diseinatzen ari gara Plantoa. Elkarrekin ekiteko baldintzak okertzen ari diren aroan, botere herritara eta antolaketa kolektiboa eraikitzeko hautuan berretsi gara. Gure arteko ezberdintasunak, eta hauek eragiten duten gatazka, ukatu gabe. Honengatik bada ere, atzo baino burujabeago gara gaur. Bederen, gure antolakunde eta mugimenduak atzo baino biziago daude. Eta hau, bide luzeago baten abiapuntua besterik ez da.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK