Endika Alabort

Hautsok ekarriko dute lokatsa

Bilbo inguruan adingabeko batzuek egindako delituek (lapurretak, heriotzak), komunikabide eta sare sozialen laguntzarekin politikariak mugiarazi dituzte. Legea gogortu behar dela entzun da, inpunitatearik ez. Kanpoan jaioak badira, nahiz eta adingabekoak izan, herrialdetik kaleratu behar direla. Zurrunbilo mediatiko honek politikariek urduri jarri ditu, inoiz pasatu ez diren auzo batera joan dira.

Audio_placeholder

Hautsok ekarriko dute lokatsa

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

Gizarte eragile eta sindikatuek murrizketak aplikatzen dituzten politikak salatu ditugu, gizarte polarizazioa eta injustizia sustatzen baitute. Ondorioa zein izan da? Euskal Autonomia Erkidego eta Nafarroan, Espainiar Erresumaren aldean, murrizketa gutxiago aplikatu direla, borroka dela eta. Hala ere, gobernuek borrokaren bitartez defendatu dena kapitalizatu nahi dute. Horretarako bertoko egoera behin eta berriz Espainiaren datuekin alderatzen dute. Lau haizeetara harrotasunez aldarrikatu dute, baina, ezberdinak direnak edozein eran konpara ditzakegu?

Gure lurraldeko datuak hartuta, bai ekonomikoak baita sozialak, Espainiar Erresumarekin alderatzea ez du zentzurik. Gure helburua ez da maila horretara heltzea (edo jaistea). Tamaina, gizarte eta ekonomia aldetik, logika handiagoa du Europar Iparraldeko herrialde batekin alderatzea. Hor azken urteotan gertatutakoa hobeto uler dezakegu: populazioaren %9ak ezin du etxean berogailua piztu, txirotasun tasa %20,6koa da, ia %20ak ezin du aurreikusi ez duen gastu bati aurre egin. Gini koefizientea okertu da (aberatsen eta txiroen arteko aldea). Gobernuen politikek (murrizketak barne) honen erantzuleak dira; lan merkatuaren joerak ere, prekarizazioa orokortuz, egoera okertu du ere.

Agintari politikoek zer pentsatzen zuten? Disparekotasuna bultzatzeak ez zuela gizarte ondoriorik? Gertaera hauek lotura zuzena dute Errezesio Handiarekin, murrizketen politikekin. Krisiak langile auzoak gogor jo dituelako, famili apalenak jasan dute kolpe gogorrena. Orain dela 30 urte ohikoak ziren gertaerak bueltatu dira.