Unai_apaolaza_argazkia
Hegemonia eta estatus berria

Hegemonia hitzaren inflazioa eta gero, deflazioa etorri zaigu. Atzo arte, madalena errezeta bat azaltzeko ezinbestekoa genuen kontzeptuak, jada ez digu ezta gora behera politikoak azaltzeko ere balio.

Loading player...
2018/02/06

Oso ondo ikasi genuen esaten, hegemonia, ez zela hauteskundeetan gehiengoa izatea. Ederki errepikatzen genuen, Gramscik, hegemonia, jendartearen zuzendaritza intelektual eta morala izatearekin berdintzen zuela. Hala ere, alderdi independentisten mugimendu eta estrategiak, etorkizuneko hauteskundeen emaitzei begira egindakoak izaten jarraitu dute. Eta hegemonia, jendartean beharrean, egungo erakundeetako ordezkari kopuruan eta hauen arteko akordioetan aurkitu nahian segitu dugu.

Hegemoniaren erabileraren mozkorraldia eta geroko biharamunak, ekarri duena da, gaindosiarekin nazkatuta, kontzeptu honek eduki zitzakeen efektu onuragarriei muzin egitea. Hegemonia kontzeptua betiko moduan ulertzen segitzea aukeratu dugu. Hegemonia kuantitatiboki ulertzen jarraitu dugu beraz,  kualitatiboki ulertzen hasteak betiko eskemetatik kanpo pentsatzen hastea eskatzen baitzigun.

Gabezi honen adibide garbia da Gasteizeko Parlamentuko Estatus Berriaren kontua. Bada denbora bat, EH Bilduren praxi eta diskurtsoaren marko nagusia autonomista dela. Hori horrela izatearen justifikazioak, hiru bloketan banatuko nituzke: Lehenengo blokeko argudioek diote, jendartean, Autonomia Estatutuaren aldekotasuna oso zabala dela, eta ondorioz, Autonomia Estatutuaren defentsaren diskurtsora gerturatu beharko duela hauteskunde-emaitza onak lortu nahi dituenak. Bigarrenak dio, Estatus Berriaren agendari erabateko lehentasuna emateak,  agerian jarriko dituela Autonomia Estatutuaren mugak jendartean. Eta egia errebelatu horren aurrean, sagar helduak zuhaitzetik erortzen diren moduan, autonomiazalea, independentista bilakatuko dela. Hirugarren argudio motak, eta azkenak, EH Bilduk PNVrekin akordioa egitea beste biderik ikusten ez duenez, eta akordio hori errazteko, independentismoak diskurtso autonomista egin behar duela lioke.

Hiru kasuetan espazio politiko propioa, hau da independentista, elikatzeari uko egiten zaio. Balizko hauteskunde emaitzen mesedetan  lehenengo kasuan, autonomismoaren mugak agerian jartzeko aitzakia pean bigarrenean eta PNVrekin akordioa errazteko modua delakoan hirugarrenean. Hiru logikek, espazio politiko independentistaren heriotza eta espazio autonomistaren indartzea dakarte. 

Estatus Berriaren eztabaidan EH Bilduk parte hartzea, printzipioz ez da txarra. Hori bere ekite politikoaren erdigune bilakatzea, aldiz, bai. Ez baita gauza bera diskurtso eta praxi independentista indartsu batetik autonomismoan eragiten saiatzea edo diskurtso eta praxi independentistarik gabe, autonomismoan arituz, independentismoa indartuko dela iradokitzea. Esan bezala, lehenengo aukerak espazio politiko independentista indartzen du bigarrenak berriz autonomista.   

Hegemoniaren ikuspegi kuantitatiboak, espazio politikoak, alderdi politikoekin berdintzera garamatza, espazio hauen indartzea dema elektoral hutsera bideratuz. Aldatu nahi omen den normalkeriaren diskurtsoarekin trabatuta hauteskunde emaitzak hobetu nahian ibili da EHBildu; besteen espazio politikoetan arituz norberaren  emaitza elektoralak indartu daitezkeela sinetsita. Espazio politikoak elikatu egin behar dira, beraien existentzia justifikatzen duen diskurtso eta praxiaren bitartez. 

Espazio independentistaren diskurtso eta praxia, ia bere osotasunean, autonomista bada, independentziari egiten zaion edozein erreferentzia folklorea bilakatuko da. Ez du independentista berririk sortzeko balioko eta pixkanaka independentista direnak ere independentziaren aukera ezinezkotzat joko dute eta espazio independentistak ez du izateko arrazoirik izango, desagertzera joko du.

155ak lortu du diskurtsoaren desplazamendu bat Katalunian, errepublika aldarrikatzetik autonomia babestera pasatu baita bertako independentismoaren normaltasuna. Atzean utzi nahi zuten hori aldarrikatzera behartu du 155ak Kataluniako independentismoaren zati garrantzitsuena. Hala ere, Kataluniako kasuan, desplazamendu hau, estrategia birplanteatzeko behin behineko estalpea dela uste dut.

Euskal Herrian, berriz, ez da horrelako desplazamendurik gertatu, oraindik independentismoaren erreferentzia nagusia den EH Bilduk, urteak baitaramatza soilik praxi eta diskurtso autonomista egiten. Hala ere, iruditzen zait, 155ak, oraindik eta lotxa gutxiagoz diskurtso autonomista erabiltzera eraman duela EH Bildu.  

Azken urte hauetan Kataluniak ematen zuen aldeko haizea aprobetxatu beharrean, Kataluniarekiko elkartasuna erakustera, soilik, mugatu da Euskal Herriko independentismoa. Honen zergati nagusienetako bat, berriro ere, hegemonia kuantitatiboki ulertzetik eratortzen diren gabezia guztietan kokatu behar dugu. Euskal herriko independentismoa, duen potentziala baino askoz ere beheragotik ari da etorkizuna imajinatzen.

Independentismoak urgentea du besteen espazio politikoak elikatzen jarraitu beharrean, espazio politiko propioa indartzen hastea. Konfrontazteko modu eraginkorraren bitartez, bere aukera politikoa justifikatzen duen diskurtso eta praxi berria sortu behar ditu, espazio politiko propioa handitu eta indartzeko. Akordioak lortuko dituelakoan besteen espazio politikoetara gerturatzea garesti ordainduko dugula uste dut. 

Hegemonia independentistara, hegemonia kuantitatiboki ulertu beharrean, kualitatiboki ulertzen hasten garenean gerturatuko gara.  Egiteko hau komunitate independentista osoarena da eta EH Bilduk, orain arte ez bezala, aldeko haizea eman beharko dio. Euskal errepublikara iristeko badaude beste bide batzuk; eta hobeak dira.