
Eragile kolektiboen barne lehietan ohikoa da arazo nahiz eztabaida ezberdinak nahastea eta Nafarroako Podemosen auzian, ziur asko, afera bat baino gehiago korapilatzen dira. Kontu nagusia botere harremanen kokapenan datzala uste dut, edonola ere. Nork agintzen duen eta -maila handian- non agintzen den, hau da auzia. Zer agintzen den Nafarroan, eta zer alderdi honen zuzendaritza kokatzen den lekuan, hau da, Madrilen.
Galdera horri erantzuna emateko, Madril aldera joanen naiz, baina ez zuzen, Galizako Vigo hiritik baizik. Izan ere, hangoa da Oskar Pazos, Madrid es una isla liburuaren egilea. Liburu interesgarria da, zeinean aztertzen baitu nola bilakatu zen Madril espainiar estatuaren hiri nagusi eta, era berezian, nola kokatu diren botereak hiri horren inguruan hori gertatu zenetik.
Estatuaren botereak izan ziren lehenak, Espainiako Felipe II. erregeren hautua izan baitzen Kortea han kokatzea, baina ondotik besteak iritsi ziren, ekonomikoak, kulturalak, sozialak, erlijio mailakoak etabar. Goitik behera ezarritako zentralizazio hura dago gaurko gaitz askoren atzean, Pazosen ustetan, besteak beste logika hori oso kaltegarria izan delako estatuko beste herrialdeetarako. Kastila bera basamortu bilakatu zuen Madrilek, ordudanik sakontzen eta areagotzen joan den joera parasitarioaz.
Irlaren metafora baliatzen du Pazosek zentralizazio horrek ekarritako efektuak irudikatzeko. Madril beste herrialdeak husten betetzen baita, finean. Garapen sozioekonomikoa itsas hertzeko eskualdeetan kokatzen bazen ere, nagusitasuna Madrilen egon da azkenengo mendeetan, estatu osoa zentralismoaren kokapen horretatik pentsatu, eraiki eta inposatu delarik.
Hautu horren ibilbidea aipatzen da liburuan, gaur egungo hainbat erabakiren atzean dagoen kate historikoa argituz. Abiadura Handiko Trenaren egitasmo eroa, esaterako, aspaldiko obsesio zentralizatzailearen beste forma bat da, Madril erdian kokatuta egitura erradialak lehenesteko beste saio bat, hots.
Pazos laguna Vigon utzita Madrilen jarriko dut fokoa. Zehazki, non eta estatu osoko errepide nagusien hasiera puntuan, Sol Plazan, hantxe baitzegoen 15m gisa ezagutzen den mugimenduaren kokapen nagusia.
Taupada demokratizatzaile eta berritzaile indartsua atzematen zen protesta horietan, baina Kilometro 0aren logikak kutsatu du, tamalez, mugimendu horren adierazpen politiko-instituzionala izan nahi duen Podemos alderdia.
Madrilen kokatuko nuke nik Nafarroako Podemos-Ahal dugun gertatzen ari den lurrikararen epizentroa. Boterea Madrilen kokatzen duen logika zentralista nagusitzen ari da Podemosen, diskurtsoan, jardueran baita antolakuntza ereduan ere. Ez da inoiz behetik goera eraikitako alderdia izan, ados, baina azken urteetan joera zentralizatzaileak dira garaileak.
Kontua da gaur egun Podemos alderdia, Pazosek deskribatzen duen Madril bera bezala, irla bilakatzen ari dela. Nafarroako Podemoseko batzuek uste dute Madrilen kokatutako zuzendaritzak zentralizazio hautua egin duela, periferiatzat hartzen dituzten lurraldeetako kontrola estatuaren hiriburutik kudeatu nahi dutelarik. Zentralizazio orokorrak zentroarekiko sumisioa eskatzen du eta militante guziak ez daude hori onartzeko prest.
Krisia ez dago itxita, berriz, eta ez dakigu zer gertatuko den. Alderdi horretako kide ez naizenez, ez dut hitzik beren barne eztabaidetan, haien erabakiak haien artean hartu behar dutelarik. Baina iritzia izan, badut, boterearen kartografiaz, bederen, nahiago dudalarik gure herriari buruzko erabakiak hemen hartzea Madrilgo Irlan baino.
