Oihane Mikeo

Sexutik gatoz, goazen sexura

Bakterien sexu transgenikoa. Protistoen hipersexua. Abere, landare eta onddoen fusiozko sexua. Lynn Margulis Chicagoko biologoari esker sexuaren jatorria hobeto ulertzera heldu ginen.

Zelula sinpleak fusionatu eta munstro bikoitzak sortzen hasi ziren. Ez desioagatik, estresagatik baizik. Protisto jakin batzuk bere kideak jaten saiatu ziren, fagozitosi bidez irentsiz. Jatunak ez zuen beti jana digeritzen, kasu batzuetan jatuna eta jana funditu egiten ziren zelula handiago bakar bat osatuz. Munstro bikoitz hauek izan ziren lehen diploideak, kromosoma bikoitzarekin.

Talaiatik Oihane Mikeo
Talaiatik Oihane Mikeo

Garai batean luxu izan zena egun behar bat da. Denboraren joanaz, protistoen fusioa eta delirio kanibal hura ernalketa bihurtu ziren. Aspaldi hartan, gastronomia eta erotika plazer bat bera izan ziren, generorik ez zen sexistitzen.

Androginoaren mitoaz halako zerbait azaltzera heldu ziren greziar filosofoak bere intuizio
hutsaz. Antzina gizakia borobila omen zen, perfektua, launa hanka eta beso, bina aurpegi,
genital... Bere harrotasunagatik bitan zatitua izan zen eta geroztik bestea bilatzeko grinak
bultzatua da.

Desioak baditu adierazle ugari. Araldiak adierazten du emea ernaltze garaian dagoela, garaiok sinkronizatuz energia aurrezten da. Zainketarako konpromisoa eskatzen duten emek ordea ez dute halako adierazlerik, abandona ditzaten gonbita litzake hori.

Psikoanalisian desioa falta den objektua bilatzeko edota sobera dugunaz libratzeko esfortzua da, barreiatuta dagoen unibertso aldakor honetan irekita sentiaraziko gaituena. Ez dago benetan osatuta sentiaraziko gaituen ezer, sexuala edota bestelakoa. Gure desioa asetze horren mugimendua bera, ez helburua lortzea, da Termodinamikaren Bigarren Legearekin bat datorrena.

Sexua atsegin zaigu oreka termodinamikoa arrastoan mantentzeko balio digulako, gure ulermenaren arabera aurreranzkoa eta lineala den denboran barrena goazela, unibertsoak berez gradienteak suntsitzeko duen joera desobeditu baizik, areagotuz.