Amaia Zufia Erdozain

Feministon bake portua

Ez dira bake garaiak. Basaurin prekarietateak beste langile bat akatu du lan istripu batean. Dispertsioaren kilometro hotzak. Ibon Iparragirre eta beste preso gaixoen mendeku kondenak. Katalunialdetik ere bake gutxi bortxaz erreprimitutako jaikialdi demokratikoarentzat. Abya Yalan transazionalek lurra eta giza eskubideen defendatzaileak jazartzen dituzte, gobernuen babes guztiarekin. Gerra. Gerra da nagusi munduko hainbeste bazterretan. Bizitza suntsitu bitartean kapitalismoaren erregai diren gerra horiek.

Audio_placeholder

Feministon bake portua

Loading player...
Amaia Zufia Talaiatik
Amaia Zufia Talaiatik

Feministok aski dakigu ez garela bakean bizi, emakumeok gure larrutan bizi dugulako biolentzia egunero. Joan den azaroaren 25ean, hain zuzen, jendartearen erraietan dagoen matxismoa azaleratu genuen: 5 emakume eraildako gure herrian, eta beste 3 euskal herritar atzerrian; bortxatutako emakumeei epaitzeko detektibeak ere ezagutu ditugu berriki; gure hitza zalantzan jartzen duten diskurtsoak; morboa oinarri duten komunikabideak; objektu sexual bihurtzen gaituzten begiradak, keinuak; pobretzen gaituzten kontratuak eta zaintza zamak… Gerra normalizatu batek zeharkatzen zaituenean, gerraren iturburu eta espresio guztien aurkako borroka beharrezkoa bihurtzen da. Horregatik, feminismoak bakearen eraikuntzan eta gerraren aurkako historia ausarta dauka.

Ezagutzen duzue Greenham Commonen gertatutakoa? Ingalaterran milaka emakume feminista 19 urtez Ameriketako Estatu Batuen base militarra okupatu zuten, 1981 eta 2000 urteen bitartean, bertan NATOren aginduz misil nuklearrak gordeko zirela salatzeko. 1981eko irailean, hamarnaka emakume hesian kateatu egin ziren, urtebetez mantenduko zuten kanpamentuari hasiera emanez. Handik gutxira, basearen perimetroa inguratzeko ekintza burutu zuten 30.000 emakumek. Bi urte geroago, 70.000 lagunek osatutako 23 kilometroko giza katea inguruko bi arma fabriketaraino ailegatu zen. 20 urtez iraun zuen antimilitarismoaren eta desobedientzia zibilaren eredu den borroka hau, nahiz eta ostera, emakumeen historian ohikoa den ahanzturan erori.

Kasu gehiago badira, esaterako, Kolonbiako ehunka emakumeen elkarte biltzen duen Ruta Pacifica, Palestinako eta Israelgo emakumeen okupazioaren aurkako martxak, Serbiako Emakumeak beltzez… Euskal Herrian ere ez dira adibideak falta: OTANen aurkako feministen bultzada; arma fabrika salatzeko Eibarren burututako ekintza; emakumeek kartzela egitura patriarkaletan bizi duten egoera argira atera eta preso politikoen etxeratzea eskatzeko, Valladolideko espetxera Bilgune Feministak antolatutako martxa; edota urrian Foro Sozialak antolatutako Nik Sinisten Dizut ekitaldia, azken hamarkadetan gatazka politiko armatuaren testuinguruan eman diren egiturazko indarkeria sexistak aitortzeko. Bakea kolektiboki eraiki behar da. Herritarron burujabetza, justizia sozial eta bizitza duinarekin lotu behar dugu eta dominazio sistema anitzek sortutako gatazkak konponbidean jarri behar ditu. Bide horretan gure gobernuek gerrarekiko jarrera konplizea eta negozio horretatik ateratako puska salatzea ezinbesteko urratsa da. Baita, errefuxiatuen eskubideak mugatzeko eraikitzen diren harresiak apurtzea ere.

Horregatik, Yemenen erabiltzen dituzten armak hemen fabrikatzen direlako, gerrak Bilboko portuan hasten direlako, gerrak sistema heteropatriarkala eta kapitalista betikotzen duelako eta emakumeen gorputzak bereziki kolpatzen dituelako: Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxa antimilitarista deitu du datorren abenduaren 16an Santurtziko parketik. Ez dira, ez, bake garaiak. Borrokarako garaia da, beraz.