Endika Alabort

Datozen belaunaldien aldeko borroka

Irakaskuntza borrokan. Euskal Autonomia Erkidegoan mobilizazioak eta grebak ematen ari dira, azkena abenduaren 12an. Langileen eskakizuna erabat logikoa da: murrizketen garaian galdutakoa berreskuratzea. Hau da, erretiroei jarritako trabekin amaitu, ikasgela bakoitzean dagoen ikasle kopurua (ratioak) murriztea, ordezkapenak lehenengo egunean gauzatzea, langile kopurua handitzea.

Audio_placeholder

Datozen belaunaldien aldeko borroka

Loading player...
Talaiatik Endika Alabort
Talaiatik Endika Alabort

Baita ere erabaki politiko bat izan zen galdutako diru sarrerak berreskuratzea eta, noski, behin behinekotasunarekin amaitzea. 2016an Europar Batasuneko Auzitegi Gorenak Espainiar Estatuko Administrazioa (Euskal Autonomia Erkidegoa barne) salatu zituen, gehiegikeriaz prekariedade hau erabili baitute; Administrazioek oposizioak deitzeko izan duten azkartasuna isun mehatxu hauek direla eta uler daiteke.

Hala ere, aipatutako arrazoi hauek ez dira mobilizatzeko eta greba egiteko bakarrak. Gobernu eta patronalek ume eta gazteak etorkizuna dela diote. Horrekin ados gaude. Baina gure etorkizuna nola tratatu behar dugunean, aldeak nabarmenak dira. Patronalek lan egiteko gazte prestatuak nahi dute, kooperatzaileak, “erresilienteak”, malguak eta erabilera anitzekoak: etorkizuneko langile hauek haien interesen mesederako erabiliko dituzte. Logikoa, euren helburu bakarra irabaziak handitzea baita.

Larriena gobernuaren jarrera da, patronalen helburu horiek irakaskuntza sistemaren muin bilakatu nahi dutelako. Hor dugu LOMCEren sasikumea den Heziberri, hezkuntzaren ikuspegi merkantilista bultzatzen duenak. Hezkuntzaren ardatza ikaslea bera izan behar da, beren interesen arabera garatzea. Baita ere beharrezkoa den pentsamendu kritikoa sustatzea, historian zehar gizarteen garapena honi esker eman baita. Belaunaldi hauen esku pikutara doan mundu bat utziko diegu: egoera horri aurre egiteko tresnak behar dituzte. Horren aurrean, hezkuntza politikak zehazten dituztenek demagogia eta baliabide gutxi eskaintzen digute; euren seme-alabek, ziurrenik, beste hezkuntza mota bat jasotzen dute, familia horiek baliabideak baitituzte.

Hau dela eta, hezkuntza sektoreko langileen borroka guztionak da. Ezin gaitezke ikusleen antzera geratu, gure seme-alaben etorkizuna da jokoan dagoena.