Iñaki Antiguedad

Zorutik Lurzorura!

Ohikoa izaten da “zoru” hitza Politika esaten den eremuan. Zoru etikoa, kasurako. Etika oraingoan aparte utzita, zorua gura dut hona ekarri. Izan ere, zoruari ematen zaion garrantzia haren gainean eraiki daitekeenak agintzen du; zorua orube hartuta, estatikoa, berezko baliorik gabea … eta laua bada hobeto, arinago estali daiteke eta!

Audio_placeholder

Zorutik Lurzorura!

Loading player...
talaiatik Iñaki Antiguedad
talaiatik Iñaki Antiguedad

Azken finean, batzuentzat inportanteena eraikitzea da, onerako edo txarrerako baina eraiki, hori bai, diseinuari ondo erreparatuta, edo eko-diseinuari, zer demontre! 4.0ko sukarrean gara eta! Eraiki ala hil! dute pentsaeran ardatz, XXI. mendeko jasangarritasuna ulertzeko paradigma eraikitzailea. Ikuskera horretatik tristea izan behar da gero oraindik estali gabeko zoruak ikustea herrien bueltan! Lurzorua 0.0.

Tira harira! Abenduaren 5ean izan da Lurzoruaren Nazioarteko Eguna. Ez dut esan ospatu, auskalokoa baita ospatua izan den ala ez. Inguru honetan sikiera ez dut uste. Edozelan ere, hortxe dago eguna, eta egunak eguna baino ez badira ere Lurzorua gura izan dut baliatu gaurko Talaia honetan, Iñaki Petxarromanek bere liburuan esan legez “Lurra zorua bailitzen” erabiltzen ari dira eta!

Hortaz, “lurzoru” berba askoz ere zentzuzkoagoa da “zoru” berba baino, … “lurra” hartzen duelako ardatz. Lurzoruak Lurraldearekin lotzen gaitu … askotan eraikinen artean ikusten ez den lurraldearekin. Antxon Lafontek esan ohi duenez, Lurraldea (Territorioa) Lurzorua gehi Populazioa da, alde bio-fisiko dinamikoa bata, alde soziala bestea. Gaurko hainbat dokumentu ofizialek “lurralde adimenduna” dute hizpide, argi esan gabe adimenduna behar duena “populazioa” dela, gizartea eta erakundeak, “lurzorua” berez baita adimenduna.

Dirudienez, bada hor zirriborro bidean Lurzoruaren Euskal Estrategia. Onerako izan bedi, baina ikusi beharko zer eta zelan hartzen duen gaia. Edozelan ere, Nazioarteko Egunaren leloa hartzen dut nik erreferente: “Lurra planetaren zaintzea lurzorutik hasten da”. Klima aldaketa, ura, elikadura subiranotasuna, biodibertsitatea, paisaia, lurraldea … horretaz ari garenean lurzoruaz ari gara, jakin gabe bada ere.