Aitor Servier

Orain Presoak

Pariserako autobusa hartu dugu gaur. Bihar hasiko da Pariseko espetxeen martxa. Duela 3 aste hasitako Frantziako espetxeen itzuliarekin bat eginen dugu bertan. Urtebete igaro da Luhusuko ekimenetik. 8 hilabete gatazkaren ondorioen konponbide integrala helburu, jendarte zibilak armagabetzea gauzatu zuenetik. Hiruburuko karpa utzi genuen orain 5 hilabete, baina Konponbide Gosez jarraitzen dugu gazteok.

Audio_placeholder

Orain Presoak

Loading player...
Aitor Servier
Aitor Servier

« Denak Pariserat ! » afitxekin bete dira gure herrietako karrikak. Milaka euskaldunok eginen dugu aste honetan Pariserako bidea, senideek asteburu egin behar dutena. Sakabanaketaren eta urruntzearen mapa da Frantziakoa, Tarrasconetik Rennesra eta Muretik Clairvauxra. Abenduaren 9ko asteburua berezia izanen da, baita espetxeetan ere. Euskal Preso Politikoek ez dute bisitarik jasoko asteburu honetan. Itxaropenaren kriseilua piztuko dute haien senideek Parisen. « Kartzelako ateak irekitzeko behar diren giltzetako baten bila goaz Parisera. Ez da manifa bat, giltzarrapoetako bat irekitzen duen giltza baizik ». Hala idatzi du,  Granadako espetxetik, 6 hilabete isolamenduan daramatzan Ainhoa Mujikak. Zuengatik eginen dugu. Gu ere Manu eta Ibonen bila joanen ginatekeelako.

Indar eta borondate anitzak metatu eta salbuespen legediekin bukatzeko aldarria eramanen dugu Parisera. Herri-aktibazioa eta eragile sozial eta politikoen arteko elkarlana izanen dira gatazkaren ondorioen konponbidean aitzina egiteko bermerik onenak. Presoen aldeko borroka ez da soilik ministerioetako bulegoetan irabazten. Bakearen eta askatasunaren aldeko deihadarra entzunaraziko dugu Frantziaren bihotzean. Eta abenduaren 10etik goiti, elkartasuna eta babesa biderkatzeko prest gaude. Parisen eta Bilbon ikusiko dugu elkar.