Futbolean jada normalizatu da neurketetako bat larunbatean 10:45tan jokatzea, zaleak zelairatzeko ordu eskasa izan arren. Ez du axola zaletuak, ezta jokalariak beraiek ere, ordu horretan jokatzeaz suposatzen duenarekin (ostiralean bidaiatu, askok lana egiten dutenean, etab.). Hala eta guztiz ere, eta Iberdrolaren indarra medio, irudi eskubideen afera ez baitago argi, klubek ez dute inoiz txintik esan. Burua jaitsi eta telebistaren aginduetara ipini dira beti, amestutako bisibilitatearengatik.
Iritzi honen abiapuntua ea non dagoen galdetuko duzue. Bada, eskubaloiko neurketak espainiar estatuko telebista publikoak ematen ditu, ostiralero gaueko 21:00etan. Ordua, agian, ez da eskasena, bai ordea eguna. Ohorezko Mailan ez dago profesionaltasun oso bat, hala jokalari gehienak (guztiak ez esatearren) lana egiten dute, eta ondorioz, egun hori jai hartu behar izaten dute. Orain arte ez zen arazorik sumatzen, duela bi ostiral (azaroaren 10ean) Zuazoko jokalari batek txiokatu zuen arte. Oihane Gil etxean geratu behar izan zen bere taldeak Vigon jokatzen zuen bitartean, baina tira, telebistaz ikus zezakeen neurketa. Baina ez, azkenean ez, Teledeportek zuzenean eman beharrean atzeratu egin baitzuen telebistako emankizuna, eskubaloiaren ordez Alemania eta Ingalaterraren arteko lagunartekoa emateko, barakaldarraren amorruz. Ezin izan zuen bidaiatu telebistak ipinitako ordutegiarengatik, baina telebistak berak ez zuen neurketa hitz emandako orduan eman. Eta gainera aipaturik futbol neurketaren emankizuna aurreikusita zegoen egun batzuk lehenago, orduan zergatik mantendu Guardes eta Zuazoren neurketa telebistaren agindupeko ordutegian?
Iberdrola ere tartean dago eskubaloian baina klubek jakinarazten dutenez, ez dute irudi eskubiderik jasotzen. Betiko erronkaz mintzo dira, bisibilitatearen truke, itzaleko hainbat esfortzu egitearen beharra. Telebistaren menpe, errespetu faltak sumatzen eta hala ere belarriak jaitsiz, zalaparta gehiegi sortzea ere ez omen da komenigarria-eta.