“K.a 43.000. urtean Amalur aurkitzerakoan sortu zen euskal sinesmen zaharraren lehen iturria”

Euskal sinesmen zaharrak ez dira kontu hutsa, Euskal Herriaren izatearen arrazoi gordeak baizik. Egun guregan eta euskararengan dago arbaso zaharrek ereindako sinesmen zahar eta berria, euskal sinesmen zaharra deritzona. Kristo aitzineko 43.000 urtean du euskal sinesmen zaharrak lehen iturria, AMALUR aurkitu zutenean. Ondoren bere alabak ezagutu genituen, Eguzki eta Ilari, bizitzaren eta heriotzaren jainkosak eta hor hasi zen euskal mitoa.

Audio_placeholder

“K.a 43.000. urtean Amalur aurkitzerakoan sortu zen euskal sinesmen zaharraren lehen iturria”

Loading player...
Joseba Aurkenerena
Joseba Aurkenerena

Euskal sinesmen zaharrak Paleolita Aroan du lehen iturria, Kristoren aitzineko 43.000. urtean, euskal gizaki zaharra Europa osoan hedatzen zelarik. Garai hartan, gure arbasoek behera begiratu zuten AMALUR aurkituz. Gero begiak altxatu eta zerurantz begiratuz, Amalurraren alabak ezagutu zituzten: Eguzki edo Eki, bizitzaren jainkosa eta Ilargi, heriotzaren jainkosa ederra. Hor hasi zen euskal mitoa.

Gure arbaso zaharrak ehiztariak eta ibiltariak ziren. Lurraren seme- alabak zirela uste zuten eta Amalurra gurtzen zuten. Kristoren aitzineko 30.000 . urtean, amalurrarekin loturiko jainkosa zabaldu genuen Europa osoan zehar. Mari, Maia, Lur, Amalur, eta bestelako izenez deitzen genuen.

Euskaldunen jainkosa handi honek hiru ezugarri handi biltzen zituen bere baitan: amatasuna, emetasuna eta emankortasuna.

Izadia edo natura ezagutu genuen momentuan hasi ziren gure mito naturalistak sortzen eta haiekin loturiko pertsonaiak: Lur, Ur, Iturri, Hodei, Eguzki, Eki, Itsaso, Ibai, Euri, Laino…. Izadian, gure inguruan, ulertzen ez genituen fenomenoak eta gertaerak ziren, eta horiei adierazpen logikoa bilatu nahian, gure arbasoek sinesmen animistak sortu zituzten. Horrela amets gaiztoak Ingumak sortuak dira, tximistak edo orziak Sugaarrek urtukiak dira, Behigorrik erretzen ditu etxeak eta oihanak, Majuk botatzen digu kazkabarra, Marik hodeiak igitaiaz zabaltzen ditu euria sortuz eta abar. Eta emeki-emeki euskaldunen gertaera historikoetan ere azaltzen zaizkigu. Horrela Basajaunek engainatu zuen Teodosio Goñikoa bere burasoak hil zitzan eta ez zedin Iruñeko lehen erregea izan. Bizkaiko lehen jauna izan zen Jaunzuri Sugaarren semea zen eta Nafarroako erresumako erregeak ilargi beteko gauetan altxatzen ziren errege, Ilargi jainkosaren benedikazioa atzemaitean.

Paleolitoan sorturiko euskal sinesmena aldatua iritsi zen Neolitora. Ordurako pertsonaia berriak sortuak ziren, eta gizakiak teknika eta lanabes berriak ezagutzen zituen. Horrek eragin zuen aldaketa. Eta historian sartu ginenean, hau da, erromatarrekin lehen harremanak ukan genituelarik, hau da, Kristoren aitzineko 178. urtean, mundu berri bat aurkitu genuen, inperioarekin etorritako bizimodu berria, kontsumoa, latina, egitura, teknika, lanabes eta ekoizkin berriak…. Honek ere aldaketa handia eragin zuen euskal mitoan. Pertsonaia berriak sortu ziren eta zahar batzuk ahantzi.

Ordutik, mendez mende, gure mitoa garatu eta aldatu da, mito eta erlijione guztietan gertatu den bezala. 

XX. mendeko azken erdialdean euskal mitoak bizirik irauten zuen Euskal Herriko eremu zabaletan, batez ere, laborari eta artzain munduari loturik. Hortxe bildu zituen Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografo handiak gaur egun horren ezagun egiten zaizkigun mito eta pertsonaiak: Mari, Ortzi, Egu, Maju, Atarrabi, Mikelats, Amalur, Eki, Ilargi, Ortzadar, Euri, Adur, Aide, Aidegaixto, Akerbeltz, Alarabi, Argi, Balbe, Basajaun, Behigorri, Eate, Hegoi, Ehiztari Beltza, Herensuge, Etsai, Gaizkin, Galtzagorri, Gauargi, Gaueko, Gorritxikiak, Ieltsuak, Ihizi, Inguma, Intxixuak, Itzularri, Izuargi, Laino, Maide, Mairi, Mamur, Mikeldi, Muru, Hodei, Ostebi, Oihulari, Sugaar, Tartalo, Iturri, Leize, Amazkar, Marimunduko, Tronagarru, Mamaorroak, Ostots, lamiak, jentilak, aztiak, sorginak, Kixmi, Olentzero, Martinttikiren ipuinak eta abar luze-luzea.

Hauxe da euskaldunok bizitzari eman diogun adierazpen logikoa, naturatik edan dugun filosofia berezia, bizitzaren liburuan irakurriz sortu eta garatu dugun mundu ikuskera.