Igandean, Urriak 1, bozka lekuak irekitzearekin batera hasiko ditugu albistegi zerbitzuak, goizeko 9:00etan. Albistegi berezia izanen da lehendabizikoa. Zuzeneko konexioak eginen ditugu bozka lekuetara, eta eguneko lehen elkarrizketak egingo ditugu. Hortik aurrera, orduro eta egun osoan zehar, boletinetan Katalunian gertatzen denaren berri emanen dugu, bertatik bertara. Bartzelonan bi kazetari izango ditugu Oihan Larrañaga (bertan da jada) eta larunbatetik aurrera izanen da bertan, Erik Aznal.
Iluntzeko 20:00etan eguneko bigarren albistegi berezia izango dugu Oinatz Aizpuru eta Amaia Zurutuzaren eskutik, egunaren errepasoa egingo dugu. Azken albisteari heltzeaz gain, egunak emandakoa laburbildu eta Kataluniako eskola ezberdinetan gertatutakoa kontatu dizuegu. Nabarmendu, eguneko edozein momentutan zerbait gertatuz gero, berehala, ekingo diogula zuzeneko jarraipenari.
Egun osoko jarraipenean gertatzen denaren errepasoa egiteaz gain, herritarrei ere emango diegu hitza. Bertaratutako euskaldunen testigantzak bilduko ditugu, baita kalean dauden katalanak elkarrizketatu ere, kataluniako zein Euskal Herriko politikarien lehen balorazioak ere izango ditugu, eta baita analisiari tartea egingo diogu, GARAko zuzendari Iñaki Soto eta La Directa-ko Jesus Rodriguezena.
Sare sozialetan jarraipen berezia egingo diogu egunari, eta azken albisteak izango dituzu gure Twitter eta Facebook kontuetan, baita webgunean ere. Saioan parte hartu nahi baduzu hau da gure harremanetarako zenbakia 626 339 208. Bidali argazki, bideo edo audioak eta gustoz zabalduko ditugu.
Astelehena ere berezia izango da. Kalegorrian berezia egingo dugu eta Katalunia izango da ardatz. Erreakzio, balorazio eta analisiak bilduko ditugu goiz osoan zehar.