Bi txapa zabaldu dituzte herrian: NIK BAI!, esateko euskaraz egingo dutela lagunak ulertzen badu; eta NIREKIN BAI!, adierazteko ulertzen eta estimatzen dutela euskara, batzuetan erdaraz erantzun arren. Azaroaren 10ean abiarazi zuten dinamika ekimena eta erronka bota zuten herrian: baietz 365 lagunek hizkuntz portaera aldatu Euskararen Egunerako. Egun hori pasata balorazioa egin eta ondorioztatu dute hainbat helburu bete dituztela. Badakite hizkuntz ohiturak ez direla egun batetik bestera aldatuko eta haien egitasmoa pausotxo bat besterik ez dela izan euskararen normalizaziorako bidean, baina semaforoak berde dirauen bitartean, pausoz pauso aurrera doaz euskara gero eta eurenago eginez.