«Guri, Zuri, Zubi» Eskerrik asko!

Abenduaren 15ean itzaliko dugu Info7 Irratia eta bide luze honetan gure ondoan, bazkide zein kolaboratzaile moduan, izan zareten guztiei eskerrak emateko ordua heldu da. Agur bat da, baina  ez da agur tristea, proiektu berri baten mesedetan itzaliko dugu irratia. Iñaki Rifaterra artistarena da  'Guri, Zuri, Zubi' litografia, gure bazkide eta kolaboratzaileek jasoko dutena 13 urte hauetan, modu batean edo bestean, ondoan bidelagun izateagatik. 

Audio_placeholder

«Guri, Zuri, Zubi» Eskerrik asko!

Loading player...
Iñaki Rifaterra "Guri, Zuri, Zubi"
Iñaki Rifaterra "Guri, Zuri, Zubi"

Guru, Zuri Zubi

"Guri", Info7 Irratiari, emandako babesa eta egindako ekarpena eskertu nahi dizugu “zuri”: bazkide, kolaboratzaile, langile, laguntzaile.  Gu eta zure arteko “zubi” izan nahi baitu opari honek, eskertza bat ezinbestean, eta baita aurrera begira ditugun erronken aurrean zubiak elkarrekin igarotzeko gonbidapena ere. 

Beraz, 'Guri, Zuri, Zubi' litografiak Info7 Irratiaren agurra eta irrati proiektu berriaren abiatzea islatzen du. Iñaki Rifaterra artista nafarrak espreski egindako artelana da. Lizarrakoa izaki, herritik igarotzen den Ega ibaia alderik-alde zeharkatzen duen zubi zaharra agertzen da irudian. 

Iñaki Rifaterrak Donostiako Artelekun ikasi zuen litografia Don Herbert maisuarekin aritu ostean, Kopenageko litografia estudio garrantzitsu batean aritu zen lanean. Gaur egun, Lizarrako bere tailerrean aritzen da.