Irratiko hastapenez galdetuta «Egin izeneko mobida inportante batean» hasi zela gogotu du, ikasketak amaitu berri zituen ilobak harengana jota. Gaur egun, sei irratitan ematen du eguraldiaren berri; Info7 irratiaz gain, Xorroxin, Segura, Oiartzun, Arrasate eta Leitzakoetan.
Ez da hori, ordea, Joxe Landaren jakintza bakarra. Haurtzarotik ezagutu ditu baserriko lanak, eta hiru hamarkada egin zituen Ineko Itziarko Nekazaritza Kooperatibako zuzendaritzan. Baserria berpiztu beharra ikusten du gaur egun, eta administrazioari utzikeria leporatu dio. Hain zuzen, baserriko lanetako premiatik abiatuta hasi zen eguraldian erreparatzen, «aitari laguntzeko» dio. Zerua zein itsasoa, biak ikusmira, eta gogoan du Ondarruko itsasontzien zarata entzuten zenean seinale txarra nola izaten zen, «badator Antonio potolo!» esaten omen zuen amak mendebala zetorrenean.
Naturari lotua bizitu da, eta bizi da, «natura gure sukaldea da, gure bizitzaren sustraia» dio irmo. Eta naturaz inguratutako Endoiako parajeetako oroitzapen ezin hobeak ditu; atzera begira jarrita elkartasuna eta lagun-giroa nabarmendu ditu, baita auzolanean egindako ekimen ugari ere.
#Info7AgurBira ren baitan gaur gu hurbildu gara Itziarrera. Baina Joxe Landak ere egin zigun bisita, gure 10. urteurrenean. Hemen taldeko argazkiak Urruñako Martintzarrenia atarian.
Eta hemen entzun dezakezue Eider Olazarrek Kalegorrian saioan egin zion elkarrizketa. «Gizartea bihurri xamarra da eta naturarekin maitemindu nintzen» esan zuen orduan Joxe Landak. Eguraldiaz, naturaz, aldaketa klimatikoaz, bizitzaz, gizarteaz edota matxismoaz ere hitz egin genuen berarekin. Irriparre txikia ahoan egin digu harrera
Info7 irratia bere bidea amaitu eta irrati berria martxan jartzera doan honetan, berriari zer eskatuko lioken ere galdetu diogu Joxe Landari. Ez du zalantzarik agertu, «euskalduna izatea» dio argi «gutasuna, gu izatea eta hori mantentzea».